Hernaniko errealitatea gertutik ezagutu zuen Martin Garitanok

Kronika - Erredakzioa 2015ko mai. 2a, 02:00

Hernani bisitatu zuen ostegunean Martin Garitano Gipuz­koako diputatu nagusiak. Foru Aldundiko zenbait ordezkarirekin izan zen bertan, Herrita­rre­kin herrira ekimenaren barru­an. Halaxe azaldu zuen: «Lege­gintzaldia hasi zenetik jarri genuen ekimena martxan, gure helburua baita Foru Aldun­diaren eta Gipuzkoako herrien arteko harremana gertukoagoa eta zuzenagoa izatea. Gure lana behar bezala egiteko, komenigarria ikusten dugu herri horiek gertutik ezagutzea». 
Hernaniko atzoko bisita, udaletxean hasi zuen diputatu nagusiak, udal ordezkariekin eta langileekin elkartuz. Ondo­ren, azokan izan zen baserritarren postuak bisitatzen. Geldial­di berezia egin zuten Karabeleko etxaldearen postuan. 
Gabriel Zelaia zentroa ere bisitatu zuten, Garapen Agen­tziari begira, eta bertan, inguruko enpresa txiki eta ertaineko ordezkariekin ere solasaldia egin zuten.  Arratsaldean, Uru­mea­ko erriberan dauden kirol instalazioak ikustera joan ziren; Landare eta Zubipe zelaiak, hain zuzen. Uholdeek sortzen dituzten arazoen inguruan aritu ziren.  Plaza Feministan ere egin zuten geldialdia eta herriko eragile desberdinekin aritu ziren hizketan. 
Eta bisita bukatzeko, solasaldi irekia egin zen herritarrekin. Galderak eta kezkak azaltzeko aukera izan zuten herritarrek. Herritar batek emakumeen egoerarekin kezka plazaratu zuen. Laura Gomez Berdintasun zu­zen­dariak erantzun zuen asko dagoela egiteko, baina asko aurreratu dela baita ere: «Orain arazo publiko bezala ikusten da behintzat, lehen etxe barrukoa bezala ikusten zen».
Garraio publikoaren inguruan galdetuta, Garitanok eran­tzun zuen oso pozik daudela egin­dako lanarekin. «Gipuz­koa oso­an naturaltasunez ibili gaitezke eta orain lau urte baino errazagoa da Mugi Txartelari esker».
Adin txikikoen zentroen egoerak ere kezkatuta hitz egin zuen beste herritar batek. Asko kezka­tzen dituen kontu bat dela nabarmendu zuen Garitanok eta egoera aztertu egin behar dela.
Hizkuntzari lotuta, euskera erakusteko egiten den ahalegin bera ingelesarekin egiteko eskatu zuen herritar batek. Hizkun­tzak jakiteak duen garrantzia azpimarratu zuen Garitanok, baina euskera bertako hizkun­tza izanik eta bizi duen egoera kontuan hartuta, lehentasuna berak duela argi utzi zuen.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!