Lasterkariz beteko da Goizueta, hilabete honetan. Herrian barrena ibiliko dira gaur, Goizuetako Krosean, eta inguruko mendietan bi aste barru, Goizutrail mendi lasterketan.
Asko izanen dira gaurkoan, herriko kaleak lasterka eginen dituztenak, eta adin guztietakoak, gainera. Hiru multzotan aterako dira: goizeko 10:30etan, txikienak izanen dira aurrenak, 10 urtetik beherakoak (benjaminak), eta 800 metroko ibilbidea osatu beharko dute.
Ondoren, 11 eta 15 urte bitartekoek hartuko dute txanda, alebin, infantil eta kadeteek, 10:45etan. Bidegorritik eginen dute lasterka, 1.800 metroko ibilbidea osatzeko.
Helduen lasterketa, 11:00etan
Nagusiak izanen dira ateratzen azkenak, goizeko 11:00etan. 16 urtetik gorakoek hartu dezakete parte, eta guztira 9 kilometro eginen dituzte: 3 itzuli, 3 kilometroko zirkuitu gorabeheratsu bati.
Txino plazatik aterako dira, eta toki berean bukatuko dute.
Izena emateko aukera oraindik
Izenematea aurrez egin behar zen www.herrikrossa.com web orrian, baina gaur ere izanen da aukera apuntatzeko, irteera puntuan, 15 euroan.
Bertan jasoko dira dortsalak ere, goizeko 10:00etatik aurrera, eta bila doazen aurreneko 60 korrikalariek kamiseta jasoko dute opari.
Motxilak jasotzeko zerbitzua ere izanen da plazan bertan, eta dutxak ere bai, eskolan, plazatik 200 metrora.
Izena emateko aukera badago oraindik, irteeran, goizeko 10:00etatik aurrera; 15 euro izanen dira.
Sariak aurrenekoentzat, eta zozketak denen artean
Sariak ere izanen dira, lasterketako aurrenekoentzat. Emakume eta gizon azkarrenak, txapela, arkume bat eta ardo botila bat jasoko dute; bigarrenak, bi txuleta eta ardo botila; eta hirugarrenak, baserriko oilasko bat eta ardo botila.
Goizuetako emakume eta gizon azkarrenak ere, izanen dute saria: garaikurra, arkumea eta ardo botila bana.
Beste parte hartzaile guztiak, ordea, ez dira esku hutsik joanen etxera. Lasterketa bukatzean, hamaiketakoa izanen dute denek, eta sariak banatu ondoren, opariak ere zozketatuko dituzte.