EAJ-PNV alderdiko Buruntzaldeako hautagaiak aurkeztu zituzten ostegunean, Urnietan egin zen ekitaldian. Bertan izan zen, baita ere, Jose Mari Santos, Astigarragako EAJko alkategaia.
Ekitaldian Joseba Egibar, Gipuzko Buru Batzarreko presidenteak hitz egin zuen. «Gipuzkoarrek aurrera egiteko daukaten ahalmena eta gaitasuna Bilduren blokeorako eta inposiziorako joeraren gainetik daude», nabarmendu zuen. Hori horrela, maiatzaren 24ko hauteskundeetan gipuzkoarrek bi ereduren artean aukeratu beharko dutela ere azaldu zuen: «EAJ-PNVk proposatzen duen Gipuzkoa zabal, moderno eta gizarte zabalaren edota ezker abertzalearen antisistema modelo itxiaren artean».
Bestalde, Egibarrek kritikatu egin zuen Bilduk Aldundian eta Gipuzkoako udaletan egin duen kudeaketa: «Ezker abertzaleak nahastu egin ditu bere interes eta urgentzia propioak, eta Gipuzkoaren benetako lehentasunak». Horren aurrean, Eusko Alderdi Jeltzalearen helburuak zein diren nabarmendu zuen: «Eredu sozio-ekonomiko indartsua sortzea, gizarte justizian oinarritutako gizartea eraikitzea eta Euskadiri egitura politiko propioa ematea. Gipuzkoa zabal eta modernoa defendatuko dugu».