Zarkumendegirako bidegorria egitea aho batez onartu zen osteguneko Plenoan, nahiz eta hori gauzatu ahal izateko kreditu aldaketa onartzearen inguruan desadostasunak izan ziren.
Bestalde, aho batez onartu ziren, baita ere, Txoritokietako Haitz-Lepoa harrobian betelana egiteko hitzarmena; Hiri Antolamendurako Plan Orokorrean aldaketa egitea Anibar-Mendiaundi eta Bidebitarte inguruei dagokienean; Ubarburu poligonoko 35garren partzelaren inguruko azterketa txostena; Aterpetxe natur-eskolako baldintza plegua, kontu-hartzaileak egindako ekarpenak kontuan hartuta; emergentziazko pisuaren arautegia; kiroldegiko aldagelak eraberritzea; eta urgentziaz sartutako proposamena, Ergobiako bizilagun batzuek 4.000 eurotik gorako obra tasa bat ordaindu behar ez izateko salbuespena ezartzeko.
Bidegorria onartuta, baina kreditu aldaketarekin desadostasunak
Zarkumendegirako bidegorria egitea aho batez onartu zen osteguneko Plenoan. Andoni Gartzia alkateak azaldu zuen hitzarmena lortu dela Foru Aldundiarekin; horrela, 885.000 euroko aurrekontua duen proiektu honen %67 ordainduko du Aldundiak, eta gainerako %33 Udalak.
Hala ere, aho batez onartu bazen ere, EAJ azaldu zuen helegitea jarri zuela: «obra zatika ez egitea eskatu dugu. Kreditu aldaketa egingo da dirua gehitzeko, baina, hala ere, ez da iristen».
Alkateak azaldu zuen Aldundiarekin hitzarmena sinatzeko zain egon direla. «Ez genuen zifrarik jarri, ez genekielako. Orain, badakigu aurrekontua 885.000 eurokoa dela, eta Udalak 2015ean bermatu nahi du kreditu aldaketa. Horrela, obra guztia esleituko da».
626.746 euroko kreditu gehigarria onartu zen, hainbat proiektutarako.
Hamaikabatek, bere aldetik, Gobernu Taldea kritikatu zuen otsailean aurrekontuak onartzean proiektua ez sartu izanagatik, eta orain kreditu aldaketa bat proposatzeagatik. «Proiektua aurrekontuetan sartzea nahi genuen, eta ezetz esan zenuten, baina pozten gara azkenean egingo delako. Hauteskundeak urtero egin beharko ditugu».
Alkateak erantzun zion: «emendakina jarri zenuten obra bi fasetan egiteko. Hori bota genuen atzera, erokeria zelako. Bidegorria guretzat estrategikoa da, eta horregatik bultzatu dugu proiektua idaztetik hitzarmena lortu arte».
Obra egiteko kreditu aldaketa EH Bilduren aldeko botoekin, EAJren abstentzioarekin eta Hamaikabaten kontrako botoarekin onartu zen. Guztira, 626.746 euroko kreditu gehigarria onartu zen, hainbat proiektutan gehitzeko: 50.000 euro, merkataritza planerako; 20.000, uholdeak ekiditeko lanentzako laguntzetarako; 9.500, herri baratzetarako; 390.976, bidegorrirako; 24.000, uholdeen aurkako azpiegituretarako; 100.000, ikastolako aterperako; 12.000, haur eskolako inbertsioetarako; eta 20.000, enplegu berdea sustatzeko, Behemendirako.
EAJk egindako galderari erantzunez, alkateak azaldu zuen: «diru sarrera gehiago daude, eta Udala egokitu egin da errealitate horretara». EAJk, berriz, erantzun zion: «nahiz eta zuek Plan Orokorra beti kritikatu, hirigintza aprobetxamendutik espero baino gehiago jaso duzue».
Lau-Haizeta parkearen inguruko mozioa, onartuta
Harrobiko betelanarekin lotuta, Eguzki taldeak mozioa aurkeztu zuen, parkeari bultzada eman eta erreserba akustiko baterako gunea sortzeko. Onartu egin zen, EH Bilduren aldeko botoekin eta EAJ eta H1!en abstentzioarekin.