«Ez dugu konfiantzarik Euskal Memorian»

Kronika - Erredakzioa 2015ko api. 30a, 02:00

EAJ-PNV eta Hamaikabat alder­diak kritiko azaldu dira, Udalak eskatuta, Euskal Memoria Fun­dazioa egiten ari den txostena­rekin, indarkeria politikoaren inguruan. Halaxe azaldu dute: «Hernanin izan diren indar­keria ekintzen erregistroa egitea oso ondo dago. Hala ere, aurrez badira pare bat kontu landu eta zuzendu beharko liratekeenak. Zehazki, zergatik ez da eztabaidatu azterketaren inguruan, kontratatu aurre­tik? Zergatik adjudikatu zaio ikerketa hau zuzenean Euskal Memoria Fundazioari?».
Bi alderdiek adierazi dute ez dutela konfiantzarik Euskal Memorian. «Fundazio hau osa­tzen dutenak ezker aber­tzaleko kideak dira eta demos­tratu nahi dute jarrai­pen historiko bat dagoela euskal herriaren auzi naziona­lean eta ETAren terrorismoa­ren artean. Guk hori sustraie­tik ukatzen dugu», diote.
Eta gaineratu dute: «Ze konfiantza izan dezakezu ezker abertzalearen organismo batean, honek ardura histo­riko zuzena duenean, azken hamarkadetako indarkeriaren (hilketak, bahiketak, estorsioa, kale borroka edo persekuzio politikoa) justifikazio eta babes ematearen inguruan?».
Euskal Herriaren kontra izandako indarkeria politikoa­ren azterketak (1936tik gaur egunera arte) legitimoa ez dena ezin duela legitimatu nabarmendu dute: «eta gure ustez, azterketa honek akats bat du oinarrian».

«Iturriak alde batekoak dira»
Azterketak «hutsune deigarri eta larriak» dituela ere azaldu dute, «indarkeria ekintza be­rrienei dagokienez. Erabilitako iturriak alde batekoak dira, eta ezker abertzalearekin lotutako komunikabideetan oinarri­tzeko joera dute, iturri ofizialei kasorik egin gabe, ezta Her­naniko Udaltzaingoari ere».
Eusko Jaurlaritzaren lan­ke­tari egin die erreferen­tzia: «Ho­ne­lako azterketa bat egiteko, Eusko Jaurlaritza egiten ari den azterketa kontuan hartu behar da eta konparaketak egin. Eusko Jaurlaritza azter­ketak egiten ari da, terroris­moa, indar­keria poliziala, torturak edo estorsioa jasan duten bikti­men inguruan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!