Hernaniko EAJ-PNVk, maiatzeko udal eta foru hauteskundeei begira, «herria eraldatzeko» prestatu dituen proposamenak ezagutarazi ditu. Andoni Amonarraiz alkategaiak adierazi du bere helburua dela «Hernani integratuago bat eraikitzea, ezberdinak errespetatuko direna». Horretarako, gaineratu du, «ezker abertzaleak erakutsi duen sektarismoarekin» amaituko duela, «baita lagun arteko politika egiteko moduarekin eta ezberdin pentsatzen duena alboratzeko ohiturekin ere».
Bederatzi konpromiso
EAJ-PNVk bederatzi konpromiso hartu ditu:
«1.- Atez atekoari buruzko galdeketa egingo dugu. EAJ-PNV atez atekoaren aurka dago. Gainera, 6000 hernaniarrek erreferenduma eskatu zuten. Hori dela eta, EAJ-PNVk herritarrei galdetuko die sistema horren alde dauden ala ez.
2.- Ez ditugu behin betiko aholkulariak kontratatuko. Hernaniar guztiek egin ahal izango dituzte ekarpenak.
3.- Udaleko enpresa eta profesional guztiekin egingo dugu lan; txandakako sistema bat erabiliko dugu. Lehenengo eurotik egingo dugu, eta ez 3000 eurotik aurrera, orain egiten den moduan.
4.- Lankidetza bultzatuko dugu izaera sozialeko herriko eragileekin. AMHER, elikagai-bankua eta gainerako izaera sozialeko elkarteekin lan egingo dugu.
5.- Trafikoaren eta aparkalekuaren kaosa konponduko dugu bizilagun eta merkatariak entzun ondoren. Hernanik herri adeitsua izan behar du berriro, bisitariak erakartzen dituena eta kontsumoa errazten duena. Kokapen egokia bilatuko dugu azaleran aparkaleku bat egiteko.
6.- Garraio eta ibiltarientzat irteera alternatiboa aurkituko dugu Florida auzotik Ibaiondorantz joateko. Gaineko pasabidea egingo dugu Florida, Antziola eta Etxeberriko bizilagunen joan-etorriak errazteko.
7.- Hernaniarron atsedena bermatu eta hirigune historikoa babesteko lan egingo dugu. Diru-laguntzak emango ditugu 100 urtetik gorako eraikinetan zarata saihesteko leiho-isolatzaileak jartzeko, bereziki hirigune historikoko eraikinetan. Zainketa haundituko dugu etxeetako fatxadetan pixa egin ez dezaten.
8.- Gudarien plaza eta Tiloseta pasealekua konponduko ditugu. Lizeaga auzoaren zaharberritzea antolatuko dugu legealdi honetan. Galdeketa bidez erabakiko dugu frontoia estali ala ez.
9.- Txakurrak askatzeko ordu-murrizketarik gabeko guneak prestatuko ditugu».
«Ez ditugu behin betiko aholkulariak kontratatuko»
«Lantalde bikaina dugu»
Ideia horiek azalduta, Amonarraizek hernaniarrei eskatu die izan dezatela konfiantza EAJ-PNVregan: «Proposamen zehatzak ditugu, eta horiek aurrera eramateko lantalde bikaina osatu dugu. Hernanik ez du inoiz EAJ-PNVko alkaterik izan. Politika herritarren zerbitzura egon behar da, eta hala frogatu nahi dizuegu».