«Herritarren urteetako eskaera zen herria eta Zarkumendegi modu seguruan, horrelako bide baten bitartez lotzea», azaldu du Udalak.
Hitzarmena egina du Udalak Gipuzkoako Foru Aldundiarekin, Zarkumendegira bidegorria egiteko, eta biharko Plenoan hitzarmena berretsi eta lehiaketa publikoa martxan jarri nahi dira. Aurrekontua 885.000 eurokoa izango da; Aldundiak %67 finantzatuko du, eta Astigarragako Udalak %33. Lanek 8 hilabete iraungo dute, eta 2016ko hasierarako bidegorria prest egotea espero dute.
Bidegorriak, bi tarte
Bi tarte izango ditu bidegorriak. Batetik, Iparralde bidean, Lizardi baserritik aurrera, errepidearen bazterra mugatuko da. Bestetik, GI-2132 bidegurutzetik Zarkumendegira errepidea zabaldu eta mugatuko da Bereziartua eta Irigoien aldean.