Egun nagusia dute gaurkoa, Extremadurako Jardunaldiek. Mota guztietako jakiak, edariak, informazio turistikoa... izango dute hamaika postutan, 11:00etatik aurrera Atsegindegin.
23garren urtez ari dira jardunaldiak ospatzen Hernanin, eta atzo eman zieten hasiera, Extremadurako hainbat bideoren emanaldiarekin, Biterin. Gaur, berriz, kalera aterako dute festa, eta bertako edozein produktu nahi duenak, aukera zabala izango du.
Tripa betetzeko ere, aukera ederra izango da Atsegindegin. Pintxoak eta ardoa egongo dira aukeran, Extremadurakoak noski.
Bi dantza saio
Eta festa girotzeko, musika eta dantza. Egun osoan zehar, Extremadurako jotak entzungo dira, besteak beste, postuen inguruan. Eta Virgen de Guadalupe folklore taldeak, bi dantza saio eskainiko ditu: 13:00etan aurrenekoa, eta 18:00etan bigarrena.