Duela bi urte, udaletxean Espainiako bandera jartzeko agindua jaso zuen Hernaniko Udalak, Carlos Urquijo Espainiako Gobernu Delegatuaren eskutik. «Udaletxe gainean jarri zen, herriaren eta Udal ordezkarien gogoaren kontra», azaldu du Udal Gobernu Taldeak.
Epaileek, ordea, erabaki dute Udalak ez duela agindua bete, bandera ez delako jarri «lehentasunezko eta ohorezko lekuan». Ebazpen horren kontra azaldu da Gobernu Taldea: «herritar gehienen nahiaren aurka eta bere ordezkarien erabakimenaren kontra ezartzen den sinboloa izanda, neurri honek hernaniarren borondatearekiko errespetu falta azaltzen du, eta askatasunez erabakitzeko eskubidearen ukapena».
«Legearen inposizioa da»
Gobernu Taldeak adierazi du, «legearen inposizioa» dela, «hernaniar gehienen sentimenduen kontra espainiar bandera ezartzera derrigortzen gaituena». Nabarmendu dute, espainiar banderak ez duela «inoiz herri hau ordezkatu; ez lehen eta ez orain».
«Zigor mehatxupean ezarritako sinboloa da»
Horregatik, salatu dute Espainiako bandera Hernanin «zigor mehatxupean» jarritako sinboloa dela.
Eta gaineratu dute: «udaletxeko balkoian sinbolo arrotzak jartzera behartu gaituzten arren, ohorezko lekuan, herriko plazan, herritarrak ordezkatzen dituen ikurrina dugu».