Ordiziaren kontra hasi zena, Ordiziaren kontra bukatu daiteke, onerako edo txarrerako. Aurreneko itzulian, Landaren jokatu zen derbia irabazi zuen Hernanik, estreinako garaipena, eta orduan aldatu ziren gauzak. Gora eta gora egin dute hirukoloreek, salbazioa ia ezinezkoa izatetik, Vigo puntu bakarrera edukitzeraino.
Eta gaur dute aukera, erremontada hori borobiltzeko, Ordiziaren kontra orain ere. Altamiran jokatuko dute, eguerdiko 12:00etan, azken postutik ihes egiteko helburu garbiarekin.
Hernaniar guztiak, «festara gonbidatuta»
Asko dute jokoan hirukoloreek, eta zaleei ere eskatu diete bere laguntza: «errugbiaren festara gonbidatzen ditugu herritar guztiak, eta posible bada, Ordiziakoek baino gehiago animatzera!».
Ez du lan erraza izango taldeak, asko baitu jokoan Ordiziak ere. Playoffetan sartzeko borrokan dago Goierriko taldea, bete-betean: puntu bakarrera dauka Gernika, seigarren sailkatua.
Partidua, Seaskaren alde
Landarekoa bezala, Seaska Iparraldeko Ikastolen Elkarteari laguntzeko izango da gaurko partidua ere. Sarrerak 10 euroan salduko dira.
Berezitasun eta garrantzia haundiko derbia, gaurkoa.