Festak hartuko du bihar Ave Maria parkea, goizeko 11:00etan hasi eta arratsaldeko 17:00ak arte. Eta protagonista bereziak izango ditu festa horrek, gainera: oihalak eta jostunak.
Jostunez beteko baita parkea, Gure Esku Dagok antolatu duen II. Udaberri Festarekin. Herritar bakoitzak bere oihal zatia apaindu, eta guztien artean oihal erraldoi bat osatuko dute, parke osoa inguratuko duena.
Zazpi gune
Parke osoan zehar, zazpi gune jarriko dituzte: Gune nagusia erdian, eta inguruan Txosna eta oholtza, Arte gunea, Musika gunea, Dantza gunea, Umeen gunea eta Abentura gunea. 11:00etan zabalduko dituzte, eta nazioarteko pintxopoteak lagunduta, orduan hasiko dira oihalak osatzen. Ondoren, kalejira egingo dute oihalekin, 12:30etan, eta hautestontzia ere eraikiko dute. Baita iazko Eskuetan flash moba errepikatu ere!
Festa luzatzeko, picnic herrikoia ere antolatu dute, denek elkarrekin bazkaltzeko, janaria etxetik eramanda. Mahaiak, edaria, postrea eta kafea izango dira bertan.
EGITARAUA
11:00, Guneak martxan jarri, oihalak osatu; eta nazioarteko pintxopotea.
11:30-12:30, Kirol jarduerak.
12:30, Ekitaldia: oihal kalejira, hautestontzia eraiki, eta Eskuetan flash moba.
13:30, Picnic herrikoi musikatua, bakoitzak eramandakoarekin.
*Txosna 17:00ak arte zabalik
7 gune: Txosna eta oholtza, Arte gunea, Musika gunea, Dantza gunea, Umeen gunea, Abentura gunea, Gune nagusia.