Zuzendaritza aldatzeko asanblada egin zuen CD Hernanik ostegunean. Aurrerantzean, Martxelo Ezponda izango da lehendakaria. Ezpondak bere asmoa zein den azaldu zuen: «lan egin nahi dut futbolaren alde, eta gainontzeko atalen alde; atletismoa, bola eta pelotako atalekin harremanak estutu nahi ditut».
Era berean, eskerrak eman zizkien orain arteko zuzendaritzako kideei: «eskerrak eman nahi dizkiet klubeko taldeei eta orain arteko zuzendaritzari, egindako lanagatik».
Ricardo Ramos, orain arteko lehendakariak aldaketaren zergatia azaldu zuen, eta bere babes osoa azaldu zion zuzendaritza berriari: «Klubak merezi du etorkizuna emango dion talde berri bat, eta horregatik erabaki dut uztea. Kluba nere bigarren etxea da, eta eskertu egin nahi diot talde berri honi testigua hartzea. Kluba beti dago zuzentzen dutenen gainetik, eta talde honi nere babes osoa eskaini nahi diot».
Hiru komisio, zuzendaritza berrian
Martxelo Ezponda ez da bakarrik arituko. Hiru komisio osatu dituzte. Batetik, instituzionala: Martxrelo Ezpondak, Xabier Iradik eta Ander Egañak osatuko dute. Bestetik, ekonomikoa, Pedro Galardik, Luis Erizek, Ane Aierbek eta Urko Ituartek osatua. Eta kiroletakoa, Jon Loranek, Montxi Alkortak, Iñigo Olasagastik eta Gorka Etxeberriak osatua.
Zubipek, lehentasuna
Bazkideen galderei erantzunez, Ezpondak azaldu zuen zuzendaritza berriaren lehentasunetako bat izango dela Zubipeko zelaiaren egoera konpontzea. «Kirolean interesa duten herritar guztiak inplikatu nahi ditut».