«Baso tropikalean lan egin ahal izatea oso polita izan da»

Kronika - Erredakzioa 2015ko api. 25a, 02:00

Urte eta erdi inguru bada Zepadiko putzuak eraiki zituztela, Ziraba proiektuaren baitan. Egoitz Alkorta hasieratik aritu zen bertan lanean, baina atzerriko biodibertsitatea, kli­ma eta animaliak ezagutzeko tartea ere izan du azken urtean; Australian izan baita, beka bati esker. Esperientzia  hartu eta curriculuma ederki puztuta bueltatu da, ikasitakoa etxean aplikatzeko gogoz.

Nolatan izan zara Australian? Zergatik aukeratu duzu herrialde hori?
Unibertsitateako lagun bat izana zen Australian, eta nik ere gogoa neukan. Eusko Jaurlaritzak Global Training izeneko beka batzuk ematen ditu, 6 hilabete atzerrian pasa eta lan esperientzia hartzeko, eta horixe aprobetxatu nuen. Uste dut zortea ere izan nuela. Harremanetan jarri nintzen Australiako CSIRO zentroarekin, eta uste dut horrek lagundu egin zidala beka lortzen, nere kabuz mugitu bainintzen lantoki izango nuena bilatzeko. Arazoak ere izan nituen, bisadoa zela eta. Uste baino denbora gehiago behar izan nuen lortzeko, eta horren erruz hegaldia atzeratu behar izan nuen. 2014ko martxoan iritsi nintzen bertara, Australia iparraldera, baso tropikalen gunera, eta euriteen garaian.  

CSIRO zentroak arlo asko lantzen ditu. Non aritu zara?
Australiako zientzia agentzia na­zionala da, gobernuaren iker­­keta zentroa: Common­wealth Scientific and Indus­trial Re­search Organisation. Haundia eta indartsua da, eta arlo asko lantzen ditu: teknologia, aborigenak eta gizarte integrazioa, zientzia, industria... Nik epe luzeko bi proiektutan hartu dut parte, animalien jarraipena egiten. Ne­re­tza­ko, ederra! Asko gusta­tzen zaiz­kit animaliak. Casuario eta aze­ri hegalariekin egin dut lan.

«Azeri hegalariak saguzar haundiak dira, megabat deitzen zaienak. Baina, lasai, fruta jaleak dira; ez dira banpiroak!»

Casuario eta azeri hegalariak ez ditugu ezagutzen Euskal Herrian...
Ostrukaren familiakoa da ca­su­a­rioa; hegan egiteko gaitasunik ez du, beltza eta haundia da, oso polita. CSIRO zentroak finkatuta dauzka ibilbide ba­tzuk baso tropikalean barrena, eta guk, GPSarekin, ibilbide horiek egiten genituen oin arrastoen bila, lumen bila, eta gehienbat, gorotz freskoen bila, bertatik DNA ateratzeko. Ca­sua­rioak agresiboak izaten dira, eta zaila da baten bat ikustea. Baina hiruzpalau ikusi nituen. Beti ere, tarteko zuhaitz bat jartzea komeni izaten da!
Azeri hegalariak, berriz, saguzar haundiak dira, megabat deitzen zaienak. Baina, lasai, fruta jaleak dira; ez dira banpiroak! Egunez kanpamenduetan biltzen dira, eta gauez fruta bila ateratzen dira. Guk goizetan harrapatzen genituen, kanpamenduetan, eta GPS koilareak jartzen genizkien, horrela, datuak biltzeko.
Egia esan, hasierako hilabeteetan lan eta lan aritu naiz, mendian eta basoan, eta animalia asko ikusi ditut. Horixe da gustatzen zaidana. Baso tropikalean lan egin ahal izatea oso polita izan da.

Polita esan liteke, igoal, baina baita arriskutsua ere! Bertako jendea ez al da beldurtzen?
Azeri hegalariek, adibidez, arazoak ematen dituzte. Hirietan egiten dituzte kanpamenduak, eta usain txarra botatzen dute, soinu haundia atera, amorruaren birusa ere badute... Jen­deak beldurra, eta, aldi berean, maitasuna die.
Bestelako animaliak ere ikusi ditut; 3 metrotik gorako pitoiak, ornitorrinkoak, koalak, kanguroak, baleak, koral arrezifea bera snorkel eginez... Baina sustorik ez dut izan. Suge pare bat badira, oso pozoin­tsuak, eta besteak, hain pozointsuak ez badira ere, norbait ospitalera bidaltzeko adina arriskutsuak dira. Eta badaude kokodriloak, armiarmak, dengea transmitiu dezaketen moskitoak, izainak... Limiteak jarri eta kontuz ibili behar da. Baina seinale asko egtoen da; kasu egin eta zentzuz jokatu, ez da besterik behar.

«Azeri hegalariei beldurra, eta, aldi berean, maitasuna die jendeak Australian»

Bertako fauna eta floraz gain, espezie inbaditzaileak ere badira Australian. Zer egiten dute?
Landare eta animalia espezie inbaditzaile asko daude: un­txiak, azeriak, hemen egunero ikusten ditugun txolarreak... Ingelesek eraman zituzten bertara, ehizerako eta. Bertako fauna oso berezia da, milioika urtetan kontinentetik aparte egon den irla izan baita. Horregatik izaten dira oso zorrotzak aduanetan. Beraien politika argia da; kanpoko espeziek suntsitzea, exterminatzea. Jendeak ere begiz jota izaten ditu. Landareekin are zailagoa da. Baina beti egoten dira proiektuak martxan, landare inbaditzaileak, guztiz desagertu ez, baina zertxobait kontrolatzeko.

«Oso proiektu polita da Ziraba; Zepadiko putzuei esker asko berreskuratu da inguruaeta anfibioei asko lagundu die horrek ugalketan. Gainera, oso ondo egin da lan, eta umeei erakusteko eta kontzientziatzeko balio du»

Kontzientzia gehiago du han jendeak natura zaintzeko?
Han ez dago hainbeste poligono, baina, adibidez, harrobi asko daude. Kutsaduraren aldetik bai, kontzientziatuta daude. Beno, orain arte ondo joan zaie; oso lurralde haundia da, eta populazio txikikoa. Hemen ere, azken urteetan asko aurreratu da, eta birziklatzeak atentzioa eman zidan Australian. Hemen egin den lan guztiaren ondoren, hara joan, eta ez dute birzikla­tzen!

Eta inbertsioen aldetik, gehiago ikertzen da han?
Toki guztietan bezala, han ere kejatu gaitezke zientziari eta ikerketari ez zaiolako ematen behar duen garrantzia. Baina, egia esan, han dirua dago, eta nabaritu egiten da. Agian instalazioak ez dira punta-puntakoak, baina kotxe onak dituzte, egiten genituen irteeratan otorduak ordaintzen zizkidaten, hegaldiak ere bai...

«Landare eta animalia espezie inbaditzaile asko daude Australian; ingelesek eraman zituzten bertara, ehizerako eta»

Eta Euskal Herrian, nahikoa inbertitzen da? Ala kanpora joatera behartuta zaude?
Australiara nahi nuelako joan nintzen, eta neretzako ez da faena bat izan, inolaz ere! Curriculumerako oso ondo etorri zait, lana nola egiten den ikusi eta ikasi dut, esperientzia berri bat bizi izan dut, ingeles maila hobetu dut, animaliekin lan egin dut... Orain, udaberrian, Ziraba proiektuan ariko naiz. Lan bila ere hasi beharko dut, baina ez dakit oso ondo zer egin. Hemen Ingurugiro Kon­tsul­torak badaude, baina ho­rrelako proiektu potenteak.... Ez dakit. Bestalde, Aran­zadi zientzi elkartea dago. Handik eta hemendik lantxoak egin daitezke, baina natura eta ingurugiroarekin lotuta soldata finkoa eta ona lortzea... Basozain izatea gustatuko li­tzaidake. Horixe izan daiteke epe luzerako helburu bat.

Ziraba proiektua aipatu duzula, zer iruditzen zaizu proiektua? Hasieratik aritu zara laguntzen, eta orain ere ariko zara.
Egia esan, kriston itxura daukate Zepadiko putzuek, eta espezie pila bat daude orain. Asko berreskuratu da ingurua, anfibioei asko lagundu die horrek ugalketan, denetik dago; odonatoak, hegazti eta narrastiak... Gainera, oso ondo egin da lan, eta umeei erakusteko eta kontzientziatzeko balio du. Oso proiektu polita da. Nere aldetik, hasieran putzuan laguntzen aritu nintzen, eta orain anfibio eta narrastien zitak pilatzen ari gara: non, zer eta zenbat aurkitzen dugun. Horrekin jarraitu eta inbentarioa osatzea da asmoa; liburu bat kaleratzekotan ere bagabiltza.

Putzu gehiago eraiki daitezkeela uste duzu?
Badakit Akolan putzuzar be­rres­kuratzen ari direla, eta Ugaldetxon, Aparrain inguruko putzu bat ere berreskuratu nahi da. Ondo egongo litzateke gehiago egitea. Oso iniziatiba onak dira natur ondarea berreskuratu eta mantentzeko, eta herritarrei erakusteko.

Espero ez zenuten animaliarik aurkitu duzue?
Sumatzen genuen egon zitekeela, eta azkenean, azaldu da! Ez zegoen zitatuta, eta orain zitatu dugu: podarcis liolepis, suandilla arrea.

Espezie inbdaitzaileak ere izango dira gurean... Zer egin dezakegu?
Badira bai; Floridako dortokak, arrain gorriak, karramarro amerikarrak, bisoi amerikarrak, pampako belarra... Asko haurrei oparitutako maskotak izaten dira, gero naturan askatzen direnak. Bisoiak, berriz, abrigoak egiteko ekar­tzen ziren, eta batzuetan alde egiten zuten baserrietatik... Horri guztiari aurre egiteko modurik onena da, preben­tzioa. Ez dira maskotak horrela askatu behar. Gerta liteke ezer ez gertatzea. Baina kalte haundia egin diezaikete bertako fauna eta florari. Gero, izaten dira proiektuak errekuperatu eta espezie inbaditzaileak kontrolatzeko. Baina prebentzioa da onena.

Horiez gain, arriskutsuak diren animalirik ba al da gurean? Ez dira Australiakoak bezain beldurgarriak izango baina...
Pozoina duen bakarra suge gorria da. Horretaz aparte, sugeek beti ematen dute beldurra; manipulatuz gero, beti egin dezakete koska. Onena da, zentzuzko distantzia hartzea, eta gozatzea.

Hartutako esperientzia kontuan hartuta, gomendatuko zenuke kanpora joatea?
Australia bera asko gustatu zait. Natura aldetik, ikaragarrizko paisajeak ditu, hondar­tzak ere bai. Eta animaliak eta landaretza oso desberdinak di­ra. Nere ustez oso aberasgarria izan da. Beste hizkuntza bat ikas­teko ere balio izan dit... Nos­ki gomendatuko nukeela!

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!