«Xamurra, goxoa, beroa, koloretsua... da diska»

Kronika - Erredakzioa 2015ko api. 25a, 02:00

Joana Ortega Barrenetxeak eta Sebastian Ustarrozek Hego Haizea  taldea osatzen dute eta beraien lehenengo diska atera berri dute, «gure jatorrizko bi herrialdeetako musikak, lurralde horien arteko distantzia fisikoa baino askoz ere gertuago daudela ohartu eta frogatu ostean», diote. Diska honetan, argentinar eta euskal musika nahastu dituzte.
Chacarera Bikoitza da diskaren izena, Argentinako musika folklorikoari omenaldi eginez. Eta halaxe definitu dute: «Xa­mur­ra, goxoa, koloretsua,  beroa, argitsua  dela esango dugu. Euskal kantutegiko kanta ba­tzuen moldaketak egin ditugu eta baita argentinar doinu ezagun batzuen arregloak ere. Gitarra, pianoa eta aho­tsak nahastuaz dijoaz eta elkarrekin jolasean. Hirugarren kantuan, Ainara Orte­ga entzun daiteke, Carcara abestian. Xabier Lete, Mikel Laboa, Carlos Aguirre, Atahualpa Yupanki edota Joseba Tapiaren abestiak aurki ditzakegu». Hain zuzen, 8 abestik osatzen dute Hego Haizearen lehenengo diska.
 

Diska ateratzea, erraza ez
Ortega eta Ustarrozek orain argitaratu baldin badute ere beraien lehenengo lana, beraien taldea ez da berria. Urteak daramazkite elkarrekin jotzen. Orain arte, Chacarera Bikoitza izenarekin. Hego Haizea jarri diote taldeari, buruan dauzkaten beste proiektu batzuetarako ateak irekita uzteko. Eta horrez gain: «Sebas­tian amerikarra delako eta hango doinu eta erritmoak ekarri dizkigulako. Gainera, epeltasunaren eta beroaren isla da eta guk ere musikarekin hori bultzatu nahi dugu».
Diska ateratzeko, ordea, urte batzuk pasa dira, eta ez dela erraza izan nabarmendu dute: «Egun ez da batere erraza diska bategatik apustu egitea, sare digitala dela eta, komunikabide anitzak direla eta, arrazoi asko direla eta, azken urteetan gain informazio haundia dagoela iruditzen zaigu. Diskak, liburuek eta kulturak oso­tasunean balioa galdu duela uste dugu eta zaila izaten da be­rriz ere garrantzia ematea eta mo­du baikor batean kontsumitzea. Kultura eta beste hainbat al­der­ditan murrizketa asko jasaten ari garen arren, eta BEZa hain al­tu izanik, zailtasun asko ditugu gaur egun musikariok, aktoreek...».

Autogestionatua
Autoprodukzio eta autogestiora jo dutela azaldu dute eta oso pozik daudela: «Lagun askoren lagun­tzaz eta ilusioz egin dugu gure lana. Diseinua Ane Miren Altu­nak egin digu, masterizazioa An­txon Sara­suak... oso pozik gau­de egindako lanarekin.  Gure us­tez, kultura indartu beharra dago».

Diskak Hernanin salgai
Diskaren aurkezpena, segurasko, ekainaren lehen astean izango dela aurreratu dute, Donos­tiako Inalanbrika Musika eta Antzerki eskolan. Bitartean, CDak Kix­kalen, Riojan, Kitton eta Onddin daude erosgai, 10 euroan.
Bestalde, beste emanaldi ba­tzuk ere badituzte Ortega eta Ustarrozek. Maiatzean, Zubiri-Manteon izango dira DBHko ikasleekin. Eta atzo, Bergaran izan ziren Piano bat bertsotan proiektuarekin.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!