Atsolorra bihar, iaz jaiotako umeei ongi-etorria emateko

Kronika - Erredakzioa 2015ko api. 25a, 02:00

Azken urteetan egin bezala, Atsolorra egingo dute bihar Ereñotzun. Auzo Udalak eta 2014an jaiotako haurren gurasoek antolatu dute. Iaz Ereño­tzun jaiotako umeei ongi-etorria emango diete ekitaldi ho­ne­tan. Ereñotzuk, gutxi gorabehera, 630 biztanle ditu eta ho­rietako 10 inguru, iaz jaiotakoak dira. Arratsaldeko 17:30etan izango da, Auzo Etxean.

Antzinako ohitura berreskuratu
Auzo Udalaren nahia da galtzear edo alboratu samarrak egon diren ohitura batzuk indartzea; hala nola, auzolana.
Zentzu horretan, komunitatean bizimodua egitearekin lotura duen ohitura bat berreskuratu nahi izan du: Atsolorra, hau da, auzoan haur bat jaiotakoan, amari eta jaio berriari egiten zitzaien bisita. Ospaki­zuna merienda bat izaten zen eta menu berezia izaten zuen (gisaua, txokolate beroa, arroz-esnea...). Baserri bakoitzeko, etxekoandrea edo adin gehieneko emakumea joan ohi zen etxeko ordezkari gisa. Opariak eramaten zituzten bakoitzak ahal zuen neurrian etxekoei emateko. «Baina auzoko emakumeentzat ere, egun haundia izaten zen, edadeko emakumeentzat festa bakarra ia. Istorioek parranda giroa eta pasarte umoretsuak jasotzen dituzte», azaldu dute.

Udaberriro, denak batera
Ohituraren arabera, ospakizun edo erritual hau haur jaio berri bakoitzeko egin izan da bakoitzaren etxean. Dena dela, oraingoan eta hemendik aurrera, udaberriro aurreko urteko jaiotza guztiak batera ospatzeko Atsolorra egiteko asmoa dago, Ereñotzuko Auzo Etxean. «Atsolorra bere garai­an auzotar askok eta askok ezagutu dute, baina belaunaldi gazteenek ez, batzuk zer den ere arrastorik ez dute», azpimarratu dute.
Eta gaineratu: «Gure herriaren ondare den usadio honek jai izaeraz gain, baditu beste dohain batzuk auzoaren izaera indartzeko: onespen soziala, elkar babesteko eta laguntzeko konpromisoa... Asmo horiek guztiak gauzatu nahi dira».

Urtetik urtera, ezagunagoa
Duela hiru urte antolatu zuen Atsolorra Auzo Udalak eta ordutik ezagunagoa egiten ari da urtetik urtera. Gainera, Ordu­ñan eta Oiartzunen ere ospatu da, gutxienez, ordutik.
Bestalde, Atsolorrei buruzko istorio, bitxikeri, argazki eta abar jasotzeko asmoa ere badute eta auzotarrei dei egiten diete zerbait izanez gero, antolatzaileei jakinarazteko

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!