Herrigintza eskolako lehenengo saioa izanen da gaur Aranon. Surora joanen dira bertako baserriak bisitatzera eta ardiak jetzi ostean, mamia eta gazta egiten ikasiko dute. Ahuntz ttikiak, astoak, tolarea… ere ikusiko dituzte. Goizeko 09:30etan abiatuko dira herritik. Batez ere, umeei zuzendutako eskolak dira, baina interesa duten guztiek dute parte hartzeko aukera; irekiak dira.
Batez ere, umeei begira antolatu dute, baina edozeinek hartu dezake parte.
Herriarekiko estimua indartzeko
Aranoko Udalak jarri du martxan ekimen hau, herriarekiko estimua, ezagutza eta ilusioa bultzatzeko asmoz. Hainbat herritarren artean sortutako kezkatik abiatu da ekimena. «Aranoko umeak ondoko herrietara joaten dira eskolara eta bertako edukiak barneratzen dituzte. Hemengo umeek herriari estimu izatea nahi dugu eta bertako gauzak ezagutu ditzatela: mendiak, errekak, zuhaitzak, animaliak, baserriak, herritarren jarduerak, historia…», dio Ainhoa Ansa alkateak.
Hurrengoan, artisautza
Hilabetean behin herrigintza eskola bat antolatzea da asmoa. Eta hurrengo eskolan, herriko artisaugintza landuko dute: artisau izandako herritarren berri izan, gaur egun daudenekin egon…
Beste eskola batean, Bixargorriko Jabierrekin Burninera irteera antolatuko dute. Bordara joanen dira eta bidean ikusitakoa azalduko dute: animaliak, errekak, zuhaitzak… Sagardoa egiten ere ikasiko dute beste eskola batean, eta baita herriko kantak zeintzuk diren, herriko bertsolariak, historia, arkitektura, sendabelarrak, toponimia, euskalkia…