«Gakoa ez da ahoa ixtea, begiak irekitzea baizik»

Kronika - Erredakzioa 2015ko api. 25a, 02:00

Kaizen kontsulta daukazue martxan eta datorren astean, elikadura eta emozioen inguruko hitzaldiak emango dituzue. Zer da zehazki Kaizen?
Kaizen, Nutrizioan eta Psiko­logian espezializatutako zentru bat da, bi alderdi hauek modu bateratuan jorratzen dituen Gipuzkoako lehena. 2013an jaio zen, ordura arte osasun zerbi­tzuetan zegoen hutsune bati aurre egiteko asmoz. Elikadura eta emozioak batera jorratzea ezinbestekoa iruditzen zaigu eta ordura arte ez zegoen biak batera tratatzen zituen osasun zerbitzurik, ez arlo publikoan ezta pribatuan ere. Izan ere, ez dago nutrizionistarik osasun zerbitzu publikoetan. Elikadura zaindu nahi dugun bakoitzean, kontsulta pribatu batetara jo behar dugu. Eta oro har, nutrizionista batengana joaten gara. Baina askotan ez dugu gure helburua lortzen edo denboran zehar mantentzen. Zergatik? Ohitura osasuntsu batzuen harreran eta mantenimenduan inplikaturik dauden alderdi emozional eta psikologikoak kontuan hartzen ez direlako, besteak beste.
Aspektu psikologiko eta emozionalak kontuan ez izatea da askotan dieten porrotaren arrazoia. Gakoa ez da ahoa ixtea, begiak irekitzea baizik.
Gaur egun, Urnietan eta Donostiako Gros auzoan gaude.

«Aspektu psikologiko eta emozionalak kontuan ez izatea da askotan dieten porrotaren arrazoia»

 

Beraz, psikologikoki ondo ez bagaude, elikaduran eragiten du, eta alderantziz?
Bai, elikadura eta emozioak elkar loturik daude. Gure elikadurak gure gogo aldartean eragiten du, eta alderantziz. Gure emozioek eta bestelako alderdi psikologikoek, gure elikatzeko moduan eragiten dute. Adibi­dez, zerbait ospatu nahi badugu, pozik bagaude, zer egiten dugu? Bazkari bat, afari bat, zerbait hartzera joan... Gure gizartean edozein bilera sozial mahai inguruan antolatzen da.
Triste, haserre, urduri… gaudenean gehiago edo gutxiago jaten dugu, “sabela itxi” egiten zaigu. Depresioetan pertsona batzuk asko argaltzen dira eta beste batzuk asko loditzen dira…
Gainera elikadura eta emozioen arteko lotura hau txikitatik ikasten dugu. Amak haurrari bularra ematean esnearekin batera bere maitasuna eta bestelako emozioak transmititzen dizkio. Eta horrelako adibide asko daude.

Gaur egun, zeintzuk dira arazo psikologiko eta nutrizional nagusienak?
Obesitatea, haur eta helduetan. Askotan estetikoki epai­tzen dugu, baina gaixotasun bat dela ahaztu egiten dugu. Gainera gaixotasun honek beste hainbat gaixotasun eragin ditzake. Eta honi aurre egitea gure esku dago.
Aipatu nahiko genuke EJN-en artean Anorexia eta Bulimia ezagunenak izan arren, gehien ematen direnak Atrakoien Nahastea eta Zehaztu Gabeko EJN-ak direla. Atrakoien Nahastean, Bulimian bezala, atrakoiak daude, baina jasaten duen pertsonak ez ditu konpentsatzen. Ondorioz, pisu igoera izaten da. Gainpisu eta Obesitate kasu askoren atzean Atrakoien Nahaste bat egon ohi da. Gehienetan, jokabide hauek izaten dituzten pertsonek ez dute kontsideratzen gaixotasun bat dutenik.
Argaltzeko, ohiko nutrizionista batetara joaten dira. Bizitzan zehar dieta asko egin dituzten pertsonak izan ohi dira. Baina ez dute helburua lortzen edo mantentzen, alderdi psikologiko eta emozionala kontuan hartzen ez delako.
Berdina gertatzen da Zehaztu Gabeko EJN-ekin. Hemen Anorexia, Bulimia eta Atrakoien Nahasteen diagnosi kriterio guztiak betetzen ez dituzten baina baten bat duten gaixotasunak sartzen dira.

Eta arazo horiei nola ematen diezue bide? Ze lanketa egiten duzue?
Kontsultara etortzen diren bakoitzean biekin egoten dira, nutrizionista eta psikologoarekin, banakako saioetan.
Saio hauetan, orokorrean, ondo elikatzen erakusten diegu, dituzten zalantzak edo mitoak argitzen ditugu eta ohitura osasuntsu batzuk hartzea eta mantentzea eragozten dieten faktoreak lan­tzen joaten gara, beren burua kanpotik zein barrutik zain­tzen erakutsiz.

Zeintzuk dira gakoak osasuntsu egoteko?
Gure burua zaintzea eta errespetatzea, horrek barne hartzen duen guztiarekin. Askotan “zaintzen” ari garela esaten dugu benetan gure burua errespetatzen ari ez garenean. Muga non dagoen jakitea zaila da, baina hor dago gakoa, orekan.

Bukatzeko, nola gonbidatuko zenituzkete herritarrak hi­tzaldira? Zer aterako dute hitzaldi hauetatik?
Gure helburua osasuna sustatzea da eta osasuna norberaren ardura denez, parte hartzaileak izango dira. Hurbiltzen direnek beren zalantzak argitzeko aukera izango dute. Horrela hitzaldiari ahalik eta zuku gehiena ateratzea espero dugu.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!