«Bilduk gerakinekin izan duen jokabidea miserablea da»

Kronika - Erredakzioa 2015ko api. 22a, 02:00

Prentsaurrekoa eman zuten atzo Ricardo Crespo PSE-EEren alkategaiak, eta Maria Jesus Egido eta Jose Antonio San­chez zinegotziek, bi kontu lantzeko: hauteskunde programaren zirr­i­borroa aurkeztu, eta Go­ber­nu Taldeak Udal Aurre­kon­tuen gerakinekin izan duen jokabidea salatu.
Dagoeneko osatu dute Udal Hauteskundeetarako programaren zirriborroa, eta behin betikoa egin aurretik, herritarren iritzia jaso nahi dute. Horregatik, Casa del Pueblon (Elkano kalea, 11) daukate, nahi duenak ikus dezan: «oso pozik gaude, etorri diren gehienak alderdi sozialistarekin loturarik ez dutenak izan dira, eta oso harrera ona izan du testuak», azaldu zuen Crespok.

Ikusgai dago, herritar guztientzat, PSE-EEren Udal Hauteskundeen programaren zirriborroa, Casa del Pueblon.

Atez Ateko sistema ezabatzea, programan jasota
Aurreneko fasean, herritarren 60 proposamen baino gehiago jaso zituzten, eta programaren zirriborroan bildu dituzte: «besteak beste, programan jasota daude Atez Ateko sistema ezabatzea, enplegua sustatzeko neurriak, Gay Murreko patioa estaltzea, trafikoan hobekuntzak, txotxaren trabei aurre egiteko plana...».

«Hauteskundeen aurretik onartuko dituzte, lau urtetan egin ez dituzten inbertsioak»
Sozialistek, bestalde, kritikatu zuten «alkatearen politika egiteko modua», aurreko astean iragarri zuen inbertsio zerrendarekin, azken urteetako Udal Aurrekontuen gerakinari esker.
«Garaipen bat bezala saldu nahi dute 1,8 milioi euroko gerakina lortu izana, eta hauteskundeetarako lau asteren faltan onartuko dute inbertsio bat, lau urtetan egin ez dutena egiteko». Izan ere, sozialisten ustez, «lau urtetan beharrezkoak ziren obrak baztertu ditu Bilduk, orain inbertsioak sal­tzeko». PSE-EErentzat, jokabide hori «miserablea» da, eta «kirats elektoralista» dauka.

«Ez dute euro bakar bat ere inbertituko, enplegua sustatzeko neurrietan»
Modu berean, kritikatu dute «alkatearen jarrera hipokrita, esanez beraiek ez direla adreiluarenak; baina orain, 1,5 mili­oi euro erabiliko dituzte obretarako. Tartean, Gay Murreko pa­ti­o­a estaltzea, gurasoek urte­tan es­ka­tu dutena, eta Gobernu Tal­de­ak garestiegia zela esan diena».
Azkenik, alderdi sozialista kexatu da, inbertituko diren 1,8 milioi eurotatik, «euro bakar bat ere» ez dela erabiliko enplegua sustatzeko neurrietan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!