Aurrera jarraitzen dute Karabeleko obrek, eta horri buruz ariko dira gaur, Hernaniko Udaleko ordezkariak eta Karabeleko auzotarrak. Bilera egingo dute auzo elkartean, arratsaldeko 19:00etan, bi gai nagusi lantzeko: uholdeak batetik, eta egiten ari diren obrak bestetik.
Kontua da, obrak egiten ari diren tokian aztarna batzuk agertu zirela, eta badirudi garai bateko kai batenak izan daitezkeela. Horrek kezka sortu zuen auzotarren artean, baina aztarnak aztertuta, obrak aurrera jarraitzen du, «aurreikusitako epeen barruan», Luis Intxauspe alkateak azaldu duenez. Horrela, garajeak egiten ari dira dagoeneko.
«Obrak bukatutakoan, ura ez da aterako Karabelen»
Alkateak jakinarazi du, obrak bukatzean ura ez dela aterako auzoan, «uholde oso haundiak ez badira gertatzen». Hiru fase dituzte obrek: «aurrenekoa zubia izan zen; orain, etxeak egitea dator, altuago egongo direnak, garajeak geratuko dira oraingo mailan, baina paretak bereziak izango dira, ura ez sartzeko. Parke bat eta jardinak ere egingo dira etxeen atzean. Eta hirugarren fasea, lezoia edo dikea egitea izango da, errotondaren mailan. Lezoiaren gainean, bidea joango da».
Obra bakoitza egiteko faseak, eta obren xehetasunak, gaurko bileran jakinaraziko dituzte.