Petritegik bere sagardoa aurkeztu du New Yorken, eta bihar Bostonen izango da

Kronika - Erredakzioa 2015ko api. 22a, 02:00

­Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteak azaldu duenez, euskal sagardoak geroz eta interes haundiagoa pizten du Ameriketako Estatu Batuetan. Astigarragako Petritegi sagardotegiak bere sagardoa aurkeztu zuen New Yorken, martxoaren 29an, eta bihar, Bostonen izango da. 
New Yorkekoa, Txikito jatetxean izan zen Euskal Sagardotegia ekimenaren barruan. Song of the Basques (Euskaldunen kanta) doku­mentala ere aurkeztu zuten, Emily Lobsenz zinegile estatubatuarrarena.
Biharko ekitaldia, berriz, Bostoneko Toro jatetxean izango da. Bostoneko txotx irekiera egingo dute eta dokumentala ere aurkeztuko dute, 22:00etatik aurrera. Petritegiko Ainara Otañok hartuko du parte. 

Urteak, esportazioarekin
Elkartetik nabarmendu dute, Petritegi sagardotegiak urteak daramazkiela kalitatezko sa­gardoa sustatu eta esporta­zioan lan egiten. «AEBetara geroz eta sagardo gehiago eramaten dute. Sagardoa izugarrizko zabalkundea ari da izaten azken urteetan, modan jartzeraino, eta euskal sagardoak bere lekua izan nahi du. Horrek ahalegin berezia eskatzen die Euskal Herriko sagardotegiei, bana­tzaileak bilatzeaz gain, pro­duktuak ezagutu eta balora­tzeko ekitaldiak egitea ezin­bestekoa baita».

Bereziartua, Irigoien eta Astarbe, sarituak
Euskal sagardoa nazioartean indartzen ari dela argi era-kusten dute azken asteetan elkarteko eta Astigarragako hainbat sagardotegik lortu­ta­ko sariek. Bereziartuak Urrez­ko Domina lortu zuen Laku Handietako Nazioar­teko Sagardo Lehiaketan, Michi­ganen (AEB), eta Irigoien-Herrerok zilarrez­koa lortu zuen.
Eta ez hori bakarrik, Na­zioarteko Apfelwein Weltweit Sagardo Feria izan da Frank­furten (Alemania) eta Bere­ziartuak eta Astarbek sari bana lortu zuten. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!