Urko Aristi
TOKIKOMeko lehendakaria
Eskubaloi jokalarien antzera, guk ere pilota gure eskutan dugu. Inoren atean gola sartzearekin tematu baino, partidua irabazi nahi dugu. Lasterkarien moduan, guk ere helmuga argi, abiapuntuan indarrak neurtu, eta azken sprintean barrukoak hustu behar ditugu. Apirilaren 25ekoa izango da, gure maratoi honen abiapuntu eta helmuga. Mugarria. Euskararen alde izerdi patsetan aritzen garen, eta aritzeko prest gaudenon jokuzelaia izango da Anaitasuna.
Mendizaletasuna da, akaso, euskaldunon kirolik kuttunena. Gailurrera bidean, maldan gora, hazi egiten gara. Guztiok, ez soilik kirolari finenak, baita alperrenak ere. Guztiok helduko gara puntara, edo ez gara iritsiko. Badira, kanpora atera eta nekatu beharrean mahai baten bueltan musean aritu nahiago dutenak. Haiek ere behar ditugu. Partida hau ere irabaziko dugulako. 31 dugu eskutik. Tranparik gabe, besteenak bait dira tranpak. Duenarekin seguru dagoenaren ausardiaz, enbidoa jotzeko ordua da, enbidoa handira!
Horregatik Anahitasuna. Handia delako, gure handitasuna erakusleiho. Izena eta izana, biak ditu aproposak. Anaitik bezain beste dugulako nahitik. Nahi dugunok gara anai, euskarak egiten gaitu anai. Kalterako ikur izan den bezela, partida berriaren ikur ere beharko luke euskarak, eta hori kartak banatuko dituztenei ikusarazi behar diegu, baina batez ere guk gerorrek sinistu behar dugu. Bagarela gai, nahi dugula, baina ez dela ametsa, gure nahia dela, kantuak dioenez, eta nahi hori gauzatuko dugula. Gauzatu behar dugula. Anahitasunetik abiatuta. Orain enbidoa joko dugula handira, eta aurki ordagoa etorriko dela!