Aurreneko saio irekia gaur, «herritarren behar eta proposamenak jasotzeko»

Kronika - Erredakzioa 2015ko api. 21a, 02:00

Martxan da Hernani Erabaki prozesu parte hartzailea, herri­tarrek erabaki dezaten zertarako erabili 2016ko Udal Aurrekontuko 500.000 euro. Gaur bertan egingo dute au­rre­neko saio irekia, arra­tsal­deko 19:00etan Biterin.
Herritar guztiak animatu nahi ditu Udalak, saioan parte hartzera: «horrela, herrita­rren behar eta proposamenak jasotzeko aukera izango dugu, guztion proposamenek baitute lekua prozesu hone­tan. Gure herriak dituen beharrak iden­tifi­ka­tzeko gaitasuna emango digu».

Bost arlo lantzeko, gaurkoan
Guztira, lau saio ireki antolatu dituzte, apirilean, eta bakoi­tzean, hainbat arlo landuko dituzte. Gaurkoa izango da aurrenekoa, eta bost arlotako proposamenak jasoko dituzte: jarduera fisikoa eta kirola, lurralde antolaketa eta hiri­gintza, etxebizitza politika, mugikortasuna, eta aniztasun funtzionala.
Bigarren saioa etzi izango da, 18:00etan Biterin, eta lan­duko dituzte kultura, hezkun­tza, hizkuntza, gazteria eta 3garren adina.

Haurrentzako txokoa eta zaintza zerbitzua
Saio guztietan, haurrentzako txokoa eta zaintza zerbitzua egongo dira.
Proposamenak egiteko, beste bi bide ere jarri ditu Udalak, herritarren esku: Biterin, udale­txean, kirolde­gian, Goiz Eguzkin eta Ins­titutuan jarri diren buzoietan; edo www.hernani.eus.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!