Partidu guztiak izango dira klabeak Hernanirentzat, Liga bukatu bitartean. Eta bereziki, Landareko berotasunean jokatuko dituenak. Aurrenekoa gaur, El Salvadorren kontra, arratsaldeko 17:00etan. Aukera paregabea dute hirukoloreek, sailkapeneko azken postutik ihes egiteko; jaitsiera zuzeneko postua uzteko, hain justu.
Atzeratutako partidua da gaur jokatuko dutena, Ligako jardunaldirik ez baitago asteburu honetan. Berez, martxoaren hasieran zen jokatzekoa, baina Landare egoera txarrean zegoen oraindik, uholdeen eraginez.
Vigo, bi puntura
Bi talderen arteko borroka izango da, azken postua saihesteko. Hiru partiduren faltan, bi puntura dauka Vigo, Hernanik. Oso ibilbide desberdina izan dute bi taldeek, eta egutegiari begiratuta, ez dauzka aukera gutxi Hernanik, talde galiziarra gainditzeko.
Bere emaitza onenak lortu dituzte hirukoloreek, azken hilabeteotan, eta oso maila onean ari dira. Vigok, berriz, ez du garaipenik lortu bigarren itzulian. Baina sasoiaz aparte, aurkariak ere baloratu behar dira: Hernanik, Ordizian izango du hurrengoa, eta Bartzelona hartuko du azken jardunaldian; Vigok, bere aldetik, Santboianaren zelaian aritu beharko du, eta Pozuelo etxean hartu.
Partidu zaila, gaurkoa
Gauzak horrela, gogoz hartuko dute hirukoloreek, azken txanpa. Gaurkoa, hala ere, ez dute erraza izango. Bosgarren dago El Salvador, eta 45-8 irabazi zion Hernaniri, aurreneko itzulian. Gauzak asko aldatu dira ordutik, hala ere, eta beharrezko puntuen bila aterako dira gaur.