Luis Intxauspe alkateak, Aitor Miner Ekonomia eta Ogasun zinegotziak eta Kistiñe Lujanbio Hezkunza zinegotziak prentsaurrekoa eman zuten atzo udaletxean, azaltzeko zein proiektutan inbertituko den 2014ko aurrekontua itxita geratu den diruarekin.
Azken urteko itxierarekin Udalaren diru gerakina (aurrezkia) nabarmen hobetu da, Aitor Minerrek azaldutakoaren arabera. «Espero baino diru sarrera haundiagoak izan ditugu 2014an, beste batzuen artean, Fondo Foraletik, Udalentzat Gipuzkoako Aldundiak egiten duen ekarpenetatik. Gainera, gastuaren jarraipen zorrotza egin dugu». Minerrek nabarmendu zuen gastuen jarraipenaren emaitzen artean, ur gastuan egindako murrizketa. Era berean, aipatu zuen Gipuzkoako Aldundiak udaletxeei egiten dien aportazioa aurrekontuaren %40a izaten dela, eta diru sarrera hori oso garrantzitsua izaten dela.
«Espero baino diru sarrera haundiagoak izan ditugu 2014an, beste batzuen artean, Fondo Foraletik. Gainera, gastuaren jarraipen zorrotza egin dugu.»
Bestalde, azaldu zuen Gobernu Taldearentzat garrantzitsua dela milioi bat euro inguruko gerkain minimo bat edukitzea, gerta daitezkeen ezusteetarako. «Hortik gora egonez gero, aurrekontua itxita proiektu berriak sartzen ditugu; iaz, 500.000 euro, 2014ko aurrekonturako. Aurten, espero baino hobeto bukatu dugu urtea».
Hori horrela, Kistiñe Lujanbiok azaldu zuen «urtetako eskaerei egingo diegu aurre».
Hezkuntzan, dirulaguntza partidetan eta obretan
Udal Gobernu Taldeak hainbat proiektu proposatu ditu gerakinetik 1.800.000 euro inbertitzeko; hilaren 28an Plenotik pasako dira.
«Zati bat martxan dauden proiektuetara bideraten da», azaldu zuen Luis Intxauspek. «Baina kopurua haundia izan da, eta, beraz, azken 4 urteetan egin ezin izan diren proiektuetako batzuk egingo dira».
Horietako bat izango da, Etxeberri auzoko bigarren urbanizazio fasea. Beste bat, bidegorri sarea haunditzea. «2015erako planifikatua genuen sarea haunditzea, eta orain gehiago egiteko aukera izango dugu: Etxeberri-Floridakoa zabalduko dugu, zentrora eta kiroldegira», azaldu zuen Intxauspek.
Bestalde, dirulaguntza arloan ere, partida batzuk haundituko dituzte; esaterako, etxebizitzen alokairurako dirulaguntza, «bereziki, gazteei zuzendua». Era berean, Amherrekin Udalak duen hitzarmena ere haundituko dute.
Azkenik, proiektu potolo batzuk hezkuntza arloan egingo dira: Urumea ikastolako patioa estali, Langile ikastolako jangela haunditu, eta Elizatxo ikastolan psikomotrizitate areto bat egokitu. Gainera, datorren ikasturtean martxan jarriko da konpetentzia digitalen egitasmoa, Lehen eta Bigarren Hezkuntzan.