Merkataritza biziberritzeko planaren inguruan galdetuta, Antton Getariak (Ikatza tabernako jabeetako bat) dio argi dagoela zerbait egin behar dela herriko merkataritza zaintzeko, eta egiten den guztia ondo etorria izango dela. Baliagarria izango dela iruditzen zaio.
Egoerari erreparatuz, bere ustez, aparkalekuekin dago arazo haundia: «Pentsa, 3.000 bat biztanle izatetik 5.000tik gora izatera pasa gara eta denok kotxea ahalik eta gertuen utzi nahi izaten dugu aparkatua. Komodidadea nahi dugu, eta hori ezinezkoa da gaur egun. Parkinak badaude, baina inork ez ditu 200 metro egin nahi oinez». Hala ere, azken lau urteetan asko hobetu dela azpimarratu du: «Aparkalekuak jarri dira Pelotari kalean eta Zapiaingo bidean. Aspalditik egiten ari ginen eskaera zen gainera. Oraindik ez da nahikoa, baina asko nabaritu da». Eta planak lagunduko duela uste du.
Astigarraga, eguneroko erosketak egiteko
Eguneroko erosketak egiteko, Astigarragan aukera zabala badagoela iruditzen zaio Getariari, eta gehienek bertan egiten dituztela erosketak. Gainerako erosketak egiteko, ordea, arropak eta halakoak, jendeak Donostiara jotzen omen du, batez ere: «Egia esan, errepide guztiek bat egiten dute Astigarragan eta edozein lekura mugitzea oso erraza da. Eta autobusekin ere oso ondo komunikatuta gaude Donostiarekin». Arropari lotuta, ohitura eta aukera falta izan daitekeela arrazoia dio.
17 taberna, erdigunean
Tabernetan behintzat bada aukera eta Ikatza Astigarragako taberna ezagunenetako bat da. Mugimendua izaten da. «Ez gaude kejatzeko moduan, baina taberna asko gaude Astigarragan. Hemen erdialdean, 17 gaude eta txotx denboraldiarekin salbatzen dugu urtea. Nahiz eta taberna asko izan, denentzako nahiko bezero izaten da sasoi honetan, ostiraletik igandera. Larunbatetan eromena izaten da», dio.
Horrez gain, krisia hasi zenetik, aurten egoera zertxobait hobera doala azaldu du: «Gabonak iaz baino hobeto joan ziren eta sagardotegi denboraldia ere hobetoxeago dijoa. Ikusiko dugu urtea nola bukatzen dugun, baina beste poxa bat nabari dela esango nuke».
Txotx denboraldian, giro ederra
Txotx denboraldian, gauean Astigarragan girorik izaten al den galdetuta, halaxe azaldu du: «Askok uste dute Astigarragan ez dela girorik izaten, Hernanira joaten direla denak, baina hori ez da hala. Hernanira, gaztetxoak edo gazteak joaten dira eta hemen, helduxeagoak geratzen dira; parranda lasai egin nahi dutenak, jaleorik gabe». Txotx denboraldian, 04:00ak arte irekita egoteko baimena du Ikatzak, beste hainbat tabernek bezala. Eta baita udan ere.
26 urte, Ikatzak
Antton Getaria jaiotzez oiartzuarra da, baina ia bizi guztia daramaki Astigarragan: 36 urte, hain zuzen. Urte hauetan zehar Astigarraga asko aldatu dela dio eta denda eta taberna asko ireki direla, etxeak egitearekin. Getariak beste bi soziorekin ireki zuen Ikatza taberna, 1989ko otsailean. Txals Herrero eta Loli Etxeberria dira beste bi jabeak. Eta aurretik, Astigarragako beste bi tabernatan ere egin du lan Getariak. Oroitzapen azpimarragarrienak Migeltxo tabernarekin ditu: «Gaur egun Eroski dagoen tokian zegoen. Herriko taberna zen. Zazpi urtez aritu nintzen bertan. Eta Ikatza ireki bitartean, beste taberna batean aritu nintzen, bi urtez». Astigarragara etorri zenetik, tabernan aritu da lanean Getaria.
Taberna «pioneroa»
Ikatza, denentzako taberna dela esan liteke: «Goizetan gosaltzen ematen dugu, eguerdian pintxoak izaten ditugu, arratsaldean ere bai, poteorako, eta gauean martxa pixka bat jartzen dugu parranda egiteko», azaldu du Getariak. Eta gaueko saltsa hasieratik izan zutela argi azpimarratu du: «eta pioneroak izan garela esan liteke. Ikatza ireki arte ez zegoen halako tabernarik hemen eta jendeak gustora hartu zuen».
Urte guzti hauetan, taberna aldatzen joan dela gaineratu du eta gauza berriak antolatzen ere saiatu izan direla: «antzerkiak, monologoak… antolatu izan ditugu, eta baita garagardo azoka ere», dio. Aurrez, urte batzuetan egin izan zuten eta iaz berriz animatu ziren. Oso erantzun ona izan zuela ikusita, aurten ere antolatzeko asmoa dute. Uztailean izan ohi da, Santio jaien aurreko astean. Horrez gain, pintxo potea ere eskaintzen dute ostegunetan, herriko beste hainbat tabernekin batera.