Astigarragako Merkataritza Biziberritzeko Plan Berezia (MIPB-PERCO) jarri du martxan Udalak, azken Plenoak aho batez onartu ostean. Merkataritzak egun bizi duen egoera ikusita, beharrezkotzat jo dute Udalak eta merkatariek plangintza bat aurrera eramatea. Plana prestatzeko ardura Siadecok izan du eta plangintza prestatzeaz gain, egoeraren diagnostikoa ere egin du. Herriko 84 establezimenduen informazioa bildu du inkesta bidez, eta telefono bidezko 400 inkesta egin ditu herritarren artean.
Datuen estimazio bat eginez, astigartarrek 19 milioiko merkataritza gastua egiten dutela urtean kalkulatu da, eta horietatik, 13 bat milioi Astigarragatik kanpo gastatzen direla.
Plangintza, bost urtekoa da (2015-2019), eta bertan, 6 jarduera eremu, 13 proposamen eta 40 ekintza bildu dira, besteak beste. Ekintza horien artean daude honako hirigintza lanak: erosketa momenturako aparkaldi mugatuko guneak jarri, Tomas Alba eta Errekatxo kaleek osatzen duten ardatzean oinezkoen baldintzak hobetu, Juanitoenea etxearen inguruko eremua eraberritu, jolas parkeak berritu eta Sagardo plaza eraberritu.
Horrez gain, Udalak aholkularitza zerbitzu teknikoa eskainiko die merkatari eta ostalariei eta hori berehala jarriko dela martxan azaldu du Andoni Gartzia alkateak. «Hirigintza proiektuei dagokienez, proiektuak idazteko proposamenak eskatzen ari gara dagoeneko, lehenbailehen martxan jartzeko», gaineratu du.
Hutsuneak eta gabeziak
Herriko merkataritzaren diagnostikoa egiterakoan, hutsune eta gabeziak ikusi dituzte herriaren dinamizazio soziokomertzialean eta konfigurazio soziourbanistikoan:
- Merkataritza sektorearen eta Udalaren arteko komunikazio eta erlazio falta: kolaborazio teknikorik ez.
- Sektoreak barne artikulazio eta barne kohesio haundiago bat behar du (Astiko elkartea indartu beharra dago).
- Establezimenduetako arduradunen bataz besteko adina altua da (48 urte) eta establezimenduen ardura hartuko duen profesional gazteak topatzeko zailtasun nabarmenak daude.
- Eskaintza aldetik hutsuneak daude: azken urteotan batez ere zerbitzu establezimenduak irekitzeko joera izan da (ileapaindegiak, estetika zentroak…), eta beste sektoreetan hutsuneak daude (burdindegi, etxeko tresna, arropa dendak…).
- Bezeroari egiten zaion zerbitzu eskaintza mugatua da (kreditu txartela erabiltzeko aukera, fidelizazioa, promozioak…).
- Establezimenduen eraberritze-maila nahiko bajua da. Azken 5 urteetan, establezimenduen %46 eraberritu dira.
- Erabilerarik ez duten lokal hutsak asko dira. 39 lokal huts daude herri gunean.
- Merkataritza sektorearen eta antolatutako ekintza soziokulturalen arteko lotura haundiagoa behar da: ekimen gehiago egin, eta Udala eta Merkatarien Elkartearen artean hobeto koordinatu.
- Komertzioak, batez ere, Erdialdera mugatuta daude (Pelotari kalea, Tomas Alba kalea, Barandiaran plaza, Sagardo plaza…).
- Erdigunerako sarrera-irteerak ez dira erosoak eta erdigunean aparkatzeko aukera mugatua da. Funtzio hori nagusiki Pelotari kaleko aparkalekuak betetzen du: 72 plaza daude 185 metrotan.
- Etxebizitza edo eraikuntza asko duen erdigunea da, ia espazio libre publiko zabalik gabea. Lau gune libre daude: Sagardo plaza (1.350 m2), Barandiaran plaza (1.000 m2), Juanitoenea etxearen ingurua (600 m2) eta Pelotari plaza (1.700 m2). Gabezia dexente dituzte eta gune ezberdinen arteko artikulazioa eskasa da.
- Aisirako eta erosketak paseatuz egiteko ingurune komertzial ireki eta erakargarririk ez dauka. Trafiko haundia pilatzen da Pelotari kalean. Kale Nagusian, zirkulazio eta oinezko sistemaren arteko oreka haundiagoa da.
- Bizilagunek freno psikologikoa dute, beraien bizilekutik hain gertu ez dauden aparkalekuak erabiltzeko.
- Erdigunea ez dago prestatua (seinaleak, espaloiak…) kanpotik datorren bisitaria erdigunera eramateko.
- Astigarragako erdiguneko paisaiak ez du eremua komertzialki erakargarria egiten.
Inguruan, merkataritza gune haundiak
Astigarragako erdigunetik gehienez 16 minutura, azalera haundiko 10 merkatal gune daude. Horietatik 5 (Garbera, Donostiako Super Amara eta Arcco, Hernaniko Lidl eta Oiartzungo Alcampo) kotxez 10 minutuko distantziara daude.
Azalera haundiko merkatal zentroez gain, Hernani eta Donostia erdiguneko merkataritzak osatzen duen eskaintza, eragin haundiko merkataritza guneak dira Astigarragako hirigunearentzat.
Hori horrela, Astigarragako etxebizitzetako merkataritza gastuaren %68 herritik kanpo egiten da: 13 milioi euroko gastua. Astigarragatik kanpo egiten den gastuaren zati haundiena, janariari dagokio (5,1 milioi euro); 3,5 milioi euro gastatzen dira herritik kanpora arropa eta oinetakoetan eta 4,4 milioi euro bestelako produktuetan. Astigarragan egiten den erosketari erreparatuz, batez ere, janaria erosten dute herritarrek. Bestalde, Astigarragaz kanpoko herritarrek, 320 mila euroko gastua egiten dute Astigarragan. Beraz, gastu komertzialaren sarrera-irteera emaitza, negatiboa da.
Erosketak herrian egitearen aldeko faktoreak: produktuen kalitatea, bezeroari eskainitako arreta, merkatariarekiko konfiantza eta establezimenduen gertutasuna. Eta erosketak herriz kanpo egitearen faktorerik aldekoenak: produktu-gama eta eskaintza zabalagoa, eskaintza bereziak, promozioak eta deskontuak, komertzioen irudia eta itxura, aparkatzeko erraztasuna.
Etorkizunean, Urumea Berriren eragina
Urumea Berri proiektu potoloa da eta eragina izango du herriaren antolaketan eta merkataritzan. Bidebitarte industrialdearen eta Ergobiaren artean kokatzen da Urumea Berri, 95.000 m2 inguruko eremuan. 600 etxebizitza libre, 120 itunpeko salneurrikoak eta 160 babes ofizialekoak eraikiko dira. Auzo berri honek zerbitzu eskaintza altua izango du; merkatal eta ostalaritza jardueretarako lokalak aurreikusten dira eta kultur etxe berria. Horrez gain, urbanizazioaren erdigunean eta udaletxetik 350 metrora, 5.000 m2 inguruko plaza berri bat sortuko da.
Proiektua bukatzen denean eta etxebizitza berriak okupatzen direnean, gaur egun biztanleria gehien hartzen duen eremua lekuz aldatu liteke: erdialdetik, Martindegi eta Ergobia ingurura pasatuz. Honek eragin nabarmena izan dezake merkataritza jardueran eta orokorrean, erdiguneko dinamika sozio-komunitarioan. Urumea Berri, erdigunetik 800 bat metrotara geratuko da.
Aukera posibleak
Epe motzera begira, Astigarragako merkataritza eta ostalaritzak aukera posible batzuk badituela uste dute Siadecoko ikerlariek: Alde batetik, azken aldian eraiki diren eta oraindik eraikitzen ari diren etxebizitzek lagunduta, biztanleriari eutsi eta bizilagun kopurua irabazteko aukera dago.
Bestetik, asteroko erosketan, bertatik egiten duten gastu komertzialetik, orain baino zati haundiagoa herrian geratzeko aukera dago. Horrez gain, ekimen pribatua eta publikoaren arteko elkarlanaren bidez, aukera berriak sortu daitezke. Eta azkenik, herri bezala Astigarragak dituen baliabide turistikoekin (Sagardoetxea, Santiomendi etnografi parkea, Murgia jauregia…), onura komertzialak ere aprobetxatu daitezke.
Jarduera eremuak
1.- Merkataritza eremuaren antolaketa urbanistikoa hobetu:
-Erosketa momenturako aparkaldi mugatuko guneak jarri.
-Tomas Alba eta Errekatxo kaleek osatzen duten ardatzean oinezkoen baldintzak hobetu.
-Juanitoenea etxearen inguruko eremua eraberritu.
-Jolas parkeak berritu.
-Sagardo plaza eraberritu.
2.- Merkataritza eskaintza zabaldu eta bezeroarentzat erakargarriagoa egin:
-Lokalen erabilera komertziala bultzatu: lokal hutsen errolda egin, erabilera komertziala emateko neurriak hartu, Udal Ordenantza bat prestatu…
-Paisaian eragiteko neurriak hartu: Eraikinetako fatxadetan eta lokal hutsen irudian eragiteko programa bat martxan jarri, erakusleihoen irudian eragin…
-Dotazioa hobetu eta indartu: establezimenduak eraberritzeko laguntza eskaini, belaunaldi erreleboa emateko neurriak hartu…
3.- Establezimenduen promoziorako komunikazio eta dinamizazio soziokomertziala:
-Astigarragako merkataritza sustatu eta promozionatzea: eskaintza ezagutzera emateko kanpainak egin, bertako eta kalitatezko produktu eta zerbitzuen promozioa egin, merkataritza eta ostalaritzaren irudi korporatiboa landu eta zabaldu, gida komertziala eguneratu eta zabaldu, presentzia areagotu komunikabide eta IKTetan…
-Bezeroaren fidelizazioa helburu: Astiko Elkartearekin batera, bezeroen fidelizaziorako txartela martxan jarri, deskontu-baleak, promozio bereziak, zozketak, poligonetako langileak herriko merkataritza eta ostalaritzara gerturatu, herriko txanpona (moneta lokala) martxan jarri…
-Erosketa momentua bezeroari erosoagoa egin: ordutegiak egokitu, euskerazko komunikazioa bultzatzeko neurriak hartu, bezeroei zuzendutako merkataritza zerbitzuak eskaini…
-Espazio publikoaren erabilera areagotzeko ekintzak: jarduera soziokulturala dinamizatu merkataritza eta ostalaritza bertan integratuz, merkataritza eskaintza kalera atera, oinezko erosketak indartzeko kanpainak martxan jarri…
4.- Sektoreko profesionalen etengabeko prestakuntza eta berrikuntza:
- Sektoreko profesionalei zuzendutako informazio eta sentsibilizazio saioak.
- Zabor bilketaren inguruko informazioa eta sentsibilizazioa.
5.- Asozianismoa sustatu eta bultzatu:
- Astiko Merkatari eta Ostalarien Elkartearen dinamika indartu: elkartea biziberritzeko sentsibilizazioa eta aholkularitza; ostalaritza eta bereziki sagardotegien presentzia areagotzea elkartean.
- Elkartera bazkide berriak erakarri eta eskaintzen diren zerbitzuak hobetu: helburu horrekin, kanpainak egin.
6.- Eragile ezberdinen sentsibilizazioa eta inplikazioa:
- Eragile publiko eta pribatuen arteko artikulazioa lortu: sektorea eta Udalaren arteko bitartekari lanak egin eta aholkularitza zerbitzua eskaini; Merkataritza, Ostalaritza eta Turismo Mahaia sortu eta dinamizatu.
- Astigarragako MIPBaren komunikazioa eta dinamizazioa: MIPBa gizarteratzea eta komunikazioa; MIPBaren kuadeaketa eta jarraipenaren eragileak dinamizatu eta artikulatu.