Herrigintza eskola ekimena antolatu du Aranoko Udalak eta datorren larunbatean izanen da lehenengo eskola. Surora joanen dira, bertako baserriak bisitatzera, eta ardiak jetzi ostean, mamia eta gazta egiten ikasiko dute. Ahuntz ttikiak, astoak, tolarea… ere ikusiko dituzte. Eskola hauen bidez, Arano hobeto ezagutzeko aukera izanen da. Umeei begira jarri da martxan batez ere, herriarekiko estimua, ezagutza eta ilusioa bultzatzeko asmoz, baina irekia da, eta interesa duen edonork hartu dezake parte. Herritik abiatuko dira Surora. 09:30etan da hitzordua.
Halaxe azaldu du Ainhoa Ansa alkateak: «Kezka sortu zen herritar batzuen artean. Aranoko umeak ondoko herrietara joaten dira eskolara, Goizueta, Hernani edota Donostiara, eta bertako edukiak barneratzen dituzte: hizkera, bertako herrietako errealitatearen ezagutza… Eta horren aurrean, Aranoko gauzen berri oso gutxi dakite. Gu gustora gaude beste herrietako eskolekin, oso ongi irakasten dute, baina konturatzen gara huts batzuk dauzkagula gure herrian. Huts horiek betetzeko asmoz jarri dugu martxan herrigintza eskola. Hemengo umeek herriari estimu izatea nahi dugu eta bertako gauzak ezagutu ditzatela: mendiak, errekak, zuhaitzak, animaliak, baserriak, herritarren jarduerak, historia…».
Eta ikasteaz gain, herriko parte sentitzea ere nahi dute. «Adibidez, kasu honetan, gazta egiten badute, ba gazta hori Santiotan jateko erabili daiteke. Herrirako zerbait egin dutela ikusi dezatela eta lotura hori eman».
Materiala biltzen joateko asmoa dute, ondoren eskolara bidaltzeko.
Materiala bildu, eskolara eramateko
Datorren larunbatekoa, lehenengo eskola izanen litzateke, baina aurretik ere egina dute zerbait. Hain zuzen, inauterietan, materiala prestatu zuten Goizuetako eskolara bidaltzeko, eta Aranoko inauteriak ere lantzeko. Grabazio txiki batzuk egin zituzten inauterietako kantarena, zahagi dantzarena… eta bertako jantzien argazkiak ere bildu zituzten.
Hemendik aurrera eginen diren herrigintza eskoletan ere, materiala sortzen joateko asmoa dute, ondoren eskolara bidaltzeko. «Egokia litzateke umeek beraiek azaltzea Aranon zer dagoen eta zer egiten den. Aranoko errealitatea ere kontuan hartzea litzateke, herriko umeen autoestimua eta ilusioa piztuz», dio Ansak.
Hilabetean eskola bat
Ekimenaren asmoa da, hilabetean behin herrigintza eskola bat antolatzea. Eta hurrengoan, herriko artisaugintzarekin lotuta antolatuko da eskola: artisau izandako herritarren berri izan, gaur egun daudenekin egon…
Beste batean, Bixargorriko Jabierrekin Burninera irteera antolatuko dute. Bertan daukan bordara joanen dira eta bidean ikusitakoa azalduko dute: animaliak, errekak, zuhaitzak… Sagardoa egiten ere ikasiko dute aurrerago, baita herriko kantak zeintzuk diren, herriko bertsolariak, historia, arkitektura, sendabelarrak, toponimia, euskalkia…