Martxan da aurten ere, Hernani Erabaki prozesua, herritarrek erabakitzeko zertan inbertitu 2016ko Udal Aurrekontuaren partida bat: 500.000 euro.
Horrela, apirilaren bukaerara arte izango dute aukera hernaniarrek, proposamenak egiteko. Hiru bide jarri dituzte, horretarako. Batetik, buzoiak jarri dira herriko zenbait puntutan: Biterin, udaletxean, kiroldegian, Goiz Eguzkin eta Institutuan. Horietan utzi daitezke proposamenak.
www.hernani.eus Udalaren web orrian ere badago aukera, zertan inbertitu proposatzeko.
Gaikako saio irekiak, asteartean hasita
Hirugarren aukera, datozen egunetan antolatu dituzten saioetan parte hartzea da. Gaikako saioak izango dira, eta asteartean egingo dute aurrenekoa, arratsaldeko 19:00etan Biterin: jarduera fisikoa eta kirola, lurralde antolaketa eta hirigintza, etxebizitza politika, mugikortasuna, eta aniztasun funtzionala.
Beste hiru saioak izango dira apirilak 23an, 18:00etan Biterin; hilaren 27an, 19:00etan Gabriel Zelaian; eta apirilak 29an, 18:00etan Plaza Feministan.
Saio guztietan, haurrentzako txokoa eta zaintza zerbitzua egongo dira.