Euskeraz irakurtzera animatzeko kanpaina, ekainera arte

Kronika - Erredakzioa 2015ko api. 18a, 02:00

Kanpaina jarriko dute mar­txan Astigarragan, apirilaren 23tik ekainaren 30era, herritarrak euskeraz irakurtzera animatzeko. Parte hartzen dutenen artean, deskontu txekeak banatuko dira.

«Irakurri, gozatu eta oparitu»
Euskaltzaleen Topaguneak an­t­­olatzen duen egitasmo honetan Gipuzkoa, Araba, Bizkaia eta Nafarroako 42 herrik hartu zuten parte lehengo urtean, eta aurten, Astigarraga ere kanpainara gehitu da.
Apirilaren 23an, hau da, Liburuaren Nazioarteko Egu­nean jarriko da martxan kanpaina, eta ekainaren 30era arte luzatuko da.
Parte hartzea oso erraza da. Hiru pauso eman behar dira. Aurrena, irakurri; liburutegira joan eta euskerazko liburu bat maileguan hartu behar da. Liburua hartzean, orriak markatzekoa oparituko zaio irakurleari, kanpainan parte hartu ala ez. 
Gero, gozatu; behin liburua irakurritakoan, liburutegira bueltatu eta fitxa sinple bat bete beharko da: zein izan den irakurritako liburua, zein inpresio egin digun... Fitxa hori beteta, deskontu txeke bat jasoko da opari.

Gnomos eta Merke azoka dendetan erabili ahal izango dira deskontu txekeak.

Deskontu txartelak, liburuak oparitzeko
Azkenik, oparitu; jasotako deskontu txartelarekin euskerazko liburu bat erosi eta oparitu, beste norbaiti edo nork bere buruari. Deskontuak %25ekoak izango dira (%50ekoa, Topa­gu­neko euskera elkarteko kide izanez gero). Astigarragan, Gnomos eta Merke azoka dendetan erabili ahal izango dira deskontu txartel horiek.

Haur Liburuaren Nazioarteko Eguna, Herri Eskolan
Astigarragako Herri Eskolak ere izango ditu ospakizunak, ostegunean. Haur Liburuaren Nazioarteko Eguna antolatu dute, herriko txikienek liburuez gozatzeko. Goizean, 2 urtetik beherakoek eta Lehen Hezkun­tzako ikasleek ospatuko dute eguna, eskolan bertan.
Eta arratsaldean, udaletxeko plazan bilduko dira haur, gazte eta helduak, ipuinen bueltan. 15:15etan jarri dute zita, irakurketa publikoa egiteko, Herri Eskolako ikasle, irakasle eta gurasoek.

Mezuaren irakurketa, euskeraz eta arabieraz
Bukaeran, Haur Liburuaren Nazioarteko Eguneko mezua irakurriko dute: Herri Eskolako ikasle batek arabieraz irakurriko du, eta beste batzuek euskerara itzuliko dute. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!