Martindegiko auzotarrek hain beharrezko duten lokala egiteko lanak martxan dira. Martxoaren 23an hasi ziren eta bi hilabeteren buruan bukatzea aurreikusten da. Lan hauek, lehenengo fasekoak izango lirateke; hau da, saneamendua, lur azpiko instalazioak, bidean aldaketa, zimendua eta posteak egingo dituzte. Bigarren fase batean eraikiko da lokala bera, eta hori, auzolanean egiteko asmotan dira. Kronikari auzotarrek azaldutakoaren arabera, 2016ko udarako lokal berriak egina egon beharko luke.
Bi Udalak, elkarlanean
Martindegi auzoa, bi herrietan banatua dago, Hernani eta Astigarragan, eta obra hau elkarlanean egingo dute bi Udalek. Hernaniko Udalak 35.000 euro bideratuko ditu eta Astigarragakoak 10.000 euro. Hernanik du obra egiteko ardura eta Astigarragak lurra jarri du, besteak beste.
Parkea eta plazaren artean
Lokala, Txalakako urbanizazio berrian egindako umeentzako jolas parkearen ondoan ari dira egiten, eta Zelaia baserriaren atzealdean gelditzen den plaza berriari begira dago. Horretarako, bertatik pasatzen den bideari (Mikel Arozamena Bidea) zati bat kendu diote. Eraikinak aterpe bat ere izango du eta hori plazari begira egongo da.
Barrutik, lokalak 66,07 m2 izango ditu eta kanpoan, 118,58 m2 gehiago. Beraz, denera, 185,13 m2 izango ditu. Barruan, bilera gela bat egingo da, mahai haundi bat jartzeko moduan, eta komun bat.