Ereñotzuko Auzo Udalak eta auzoan 2014an jaiotako haurren gurasoek Atsolorra antolatu dute bihar zortzi (apirilak 26), 17:30etan, Auzo Etxean. Ereñotzuk gutxi gorabehera, 630 biztanle ditu eta horietako 10 inguru, iaz jaioak dira. Antzinako ohitura berreskuratzeko asmoz prestatu dute, orain dela hiru urte hasitako ekimenari jarraipena emanez.
Ohituraren arabera, auzoan haur bat jaiotakoan, amari eta jaio berriari bisita egiten zitzaion etxera. Orain, berriz, udaberriro, aurreko urteko jaiotza guztiak batera ospatzen dituzte Auzo Etxean. Ondare eta usadio honek, jai izaeraz gain, beste dohain batzuk badituela azaldu dute: onespen soziala, elkar babesteko eta laguntzeko konpromisoa...
Atsolorrera azaltzeko asmoa duten auzotarrek izena ematea komeni da. Horretarako: 943 55 10 00. Atsolorrei buruzko istorio, bitxikeri, argazki eta abar ere bildu nahi dituzte. Kasu horretan, antolatzaileei jakinarazi.