Ostegunean hitzaldia emango duzu Hernanin. Zeri buruz ariko zara?
Uk’u’x’B’e erakunde mayan egiten dugun lanaz hitz egingo dut, eta bereziki herri indigenaren borroka eta erresistentziaz, zeina oligarkiak, enpresa transnazionalek eta Guatemalako Estatuak berak zapaldua dagoen, Giza Eskubideak etengabe urratuz.
Guatemalan, gero eta testuinguru ilunagoa daukagu, liderren eta komunitatearen kontra burutzen diren basakeriaren eta kriminalizazioaren eraginez. Baina hala ere, herri indigenek antolatzeko eta mobilizatzeko espazioak sortzen jarraitzen dute, eta horrek erakusten du beraien etengabeko borroka eta erresistentzia.
Zein garrantzia dute horrelako jardunaldiek Herri Indigenentzat?
Aukera ematen digu herriek bizi duten errealitatea ezagutarazteko, eta gure alternatiba, konponbide eta proposamenak konpartitzeko. Gainera, lortzen dugu jendea inbolukratzea, ez bakarrik herri indigenetan, gizateria guztian baizik, eta hori funtsezkoa da armonia eta oreka eraikitzeko.
«Guatemalan, bereziki nabarmena da enpresa transnazionalen inbasioa, herritarrak engainatu, jazarri eta kriminalizatuz, eta eskubideak bortxatuz»
Enpresa multinazionalen jokabidea salatzen duzue. Zein da Guatemalan bizi duzuen egoera?
Historian zehar, Guatemalan hainbat gehiegikeria izan dira herritarren eskubideen kontra, bere sinismenen kontra, antolatzeko modua, duintasuna, lurraldea... Gaur egun, bereziki nabarmena da enpresa transnazionalen inbasioa, herritarrak engainatu, jazarri eta kriminalizatuz, eta beraien eskubideak bortxatuz, proiektu neoliberalarekin jarraitzeko.
Egoera horiek bizi arren, herriaren borroka eta erresistentzia oso haundia da. Ikuspegi estrategikoak dauzka, borrokarako eta aldaketak lortzeko Guatemalan. Izan ere, biztanleriaren %50 baino gehiago pobrezian dago, eta analfabetismo maila oso altua da.
Nola defendatzen dituzue zuen eskubideak?
Nagusiki, herritarrak formatuz, seguru gaudelako kontzientzia eta hausnarketaren bidez bakarrik lortu daitezkeela borroka iraunkorrak, adin guztietako emakume eta gizonen erresistentziarekin, inongo bereizkeriarik gabe.
Kontziente bagara Ama Lurrarekin oreka lortu behar dugula, estrategia ezberdinak sortu ditzakegu, aurre egiteko enpresa transnazionalen sakeoari eta inbasioari.
Zenbat urte daramazkizu borroka honetan?
Borroka etengabekoa izan da, bai antolaketa espazioetan eta bai indibidualki, hori baita herri mayaren printzipioetako bat. Baina duela bost sartu nintzen Uk’u’x’B’e erakundean, eta lau urte daramazkit erakundeko zuzendaritzan.
Zein da konponbidea?
Egoera honen aurrean daukagun planteamendu zehatza, Ondo Bizitzearen (Buen Vivir) proiektu politikoa da. Horren arabera, oreka eta armonia bilatu behar dugu inguruko izaki guztiekin, eta bereziki, Ama Lurrarekin.
Prozesu luzea da hori, baina pauso batzuk ematen ari gara dagoeneko, mezu garbi batekin: mundu-ikuskera mayarentzat, Ama Lurra da funtsezko osagaia, eta gure ongizate fisikoa, emozionala eta soziala bere menpe daude. Horregatik, oso garrantzitsua da oreka eta armonia mantentzeko borroka.
Dena den, proposamen hori ez dute soilik herri indigenek eraiki behar. Gizateria osoa inbolukratu behar da. Izan ere, orain bizi ditugun fenomeno guztiak, Ama Lurraren laguntza dei bat dira.
Nola animatuko zenituzke herritarrak, jardunaldietara?
Ezinbestekoa da benetako egoerak ezagutzea, enpresek herritarrengan duten eragina, garapen ekonomikorako modelo hau zalantzan jartzeko.