Hiru eguneko jardunaldiak antolatu dituzte Mugarik Gabe Gobernuz Kanpoko Erakundeak eta Hernaniko Kooperazio Taldeak, Herri Indigenen eta enpresa multinazionalen arteko gatazka ezagutzera emateko: Eutsi edo hil, Herri Indigenak enpresen neokolonialismoaren aurrean. Datorren asteartetik ostegunera izango dira, apirilak 21, 22 eta 23an, iluntzeko 19:00etan hasita egunero, Biteri kultur etxean.
«Jardunaldiek jorratuko dute, enpresa multinazionalek nola urratzen dituzten Herri Indigenen eskubideak», azaldu dute antolatzaileek. Horretarako, gainera, arazoa barrutik bizi duten protagonistak etorriko dira Hernanira, indigenen eskubideen defentsan ari diren hiru emakume: Argentinatik, Verónica Huilipan maputxea; Kolonbiatik, Aída Suárez, Senú herrikoa; eta Guatemalatik, Sara Dalila Mux Mux maya.
«Liderrak dira euren eskubideak eta nortasuna aldarrikatzen»
Hitzaldi bana emango dute hiruek, eta horrela, hiru herrialde indigena desberdinen ikuspuntua jasotzea lortu nahi dute antolatzaileek. «Baina bestetik, emakume indigenek egiten duten borroka eta duten protagonismoa azpimarratu nahi dugu», azaldu dio Kronikari Xabier Martinezek, Mugarik Gabeko Hezkuntza taldeko kideak: «diskriminazio ugari jasaten dituzte, eta horiei aurre egiteaz gain, liderrak dira euren erakunde eta komunitateetan, euren eskubideak eta nortasuna aldarrikatzen».
Asteartetik ostegunera izango dira jardunaldiak, iluntzeko 19:00etan Biterin.
‘Eutsi edo hil’ dokumentala estreinatuko dute
Hitzaldiez gain, dokumentalak ere emango dituzte jardunaldietan. Horietako bat, Mugarik Gabek bukatu berri duena: Eutsi edo hil. Hain justu, Hernanikoa izango da aurreneko emanaldietako bat: «bertan jasotzen da, modu atsegin eta pedagogikoan, Latinoamerikako erakunde indigenetako ordezkariek bizi eta kontatu zigutena, 2014an Euskal Herrira egin zuten bisitan: beraien egoera latza zein den, beraien borroka, proposamenak...», aurreratu du Xabier Martinezek.
Beste bi dokumental ere eskainiko dituzte: El oro o la vida. La recolonización y resistencia en CA, eta Los descencientes del jaguar, Guatemalan eta Ekuadorren egindakoak, hurrenez hurren.
«Oso ondo ezagutzen ditugun enpresa eta bankuak ari dira Giza Eskubideak bortxatzen»
Enpresa multinazionalek Herri Indigenetan duten eragina azaleratu nahi dute jardunaldiekin, eta dei egin diete herritarrei, bertaratu eta egoera zein den ezagutzeko: «oso interesgarria iruditzen zaigu hemengoek jakitea. Izan ere, oso ondo ezagutzen ditugun eta oso gertukoak diren enpresa multinazionalak eta bankuak, Giza Eskubideak bortxatzen ari dira Latinoamerikan, eta hori ez digute kontatzen komunikabide haundietan».
«Etorriko diren emakume indigenek sekulako ibilbidea dute, baita nazioarte mailan ere, eta aukera paregabea da beraiek ezagutu eta eurekin solasaldian aritzeko», animatu ditu hernaniarrak, Xabier Martinezek.
EGITARAUA ‘EUTSI EDO HIL’ JARDUNALDIAK, BITERIN
Apirilak 21, asteartea
19:00 Dokumental emanaldia: El oro o la vida. La recolonización y resistencia en C.A. Guatemalan egina, gaztelaniaz. 57 minutu.
Ondoren Aurkezpena eta solasaldia: Lationamerikan Enpresa Transnazionalen Jardueren kontestua, eragina eta kasu desberdinak. Lationamerikako Multinazionalen Behatokia, Bakea eta Duintasuna Elkartearekin. Gaztelaniaz.
Apirilak 22, asteazkena
19:00 Dokumental emanaldia: Los descendientes del jaguar. Ekuadorren egina, gaztelaniaz. 28 minutu.
Ondoren Hitzaldia eta solasaldia, honako emakume indigenekin:
-Verónica Huilipan: mapuche emakumea, Confederación Indígena del Neuquén Argentinako Patagoniako erakundearen bozeramailea.
-Aída Suárez: Senú herriko emakume indigena. Organización Indígena de Antioquia erakundeko lehendakaria, Kolonbian.
Apirilak 23, osteguna
19:00 Mugarik Gaberen dokumentalaren estreinaldia: Eutsi edo hil: herri indigenen salaketa, ikuspuntu eta proposamenak. Euskal Herrian egina, euskeraz. 40 minutu.
Ondoren Hitzaldia eta solasaldia:
-Sara Dalila Mux Mux: Guatemalako emakume indigena maya, Uk’u’x B’e erakunde mayako kidea eta dokumentalaren protagonistetako bat.