Urtero bezala, Mus Txapelketa jokatu da Aranoko Kontseju tabernan eta Maixus eta Joxe Ramon izan dira mus jokalari onenak. Martxoko azken ostiralean jokatu zen finala. Aurten sei bikote aritu dira lehian.
Lehia estua
Finalean, giro bikaina izan zela azaldu diote Kronikari. Batetik, finalean lau bikotek zutelako irabazteko aukera, eta beraz, lehia oso estua izan zen. Eta bestetik, azken ostiral hori jai eguna tokatu zelako. Txapelketa osoan zehar ere oso giro polita izaten dela nabarmendu dute.
Urte osoko txapelketa
Kontsejuko Mus Txapelketa urte osoko txapelketa izaten da, martxotik martxora, eta aurtengoa zazpigarren edizioa izan da. Hilabeteko azken ostiraletan jokatu dituzte partidak.
Funtzionamenduari dagokionez, hilabetero, partidaren ostean, puntu banaketa egiten dute. Inskripzioaren %70a ere egunean banatzen da, eta botea akumulatzen joaten dira. Txapelketa bukatzean, botea banatzen dute parte hartu duten bikote guztien artean. Irabazleak izaten du zatirik haundiena, eta proportzioan banatzen diete gainerako guztiei, azkenekora iritsi arte.