Ipuinen Faktoria martxan jarri du Dobera Euskara Elkarteak, eta bihar izango da aurreneko fruitua ezagutzeko aukera. Izan ere, argitaratutako ipuinaren aurkezpena egingo da, 19:00etan, Biterin.
Ipuina, ahoz eta zeinuz kontatua
‘Zozomikoteak’ da ipuinaren izenburua, eta Urumea erreka inguruko artzainei entzundako bertsioa eta Italian Italo Calvinok jasotakoa nahasten ditu. Biharko aurkezpenean, Jexux Eizagirre Portillo ipuinaren egileak ahoz kontatuko du istorioa, eta Miriam Amubietak zeinu bidez.
Marrazkiak Alai Zubimendik egin ditu, baina hauek ikusteko, liburua esku artean hartu beharko da.
Ipuina salgai, bihartik
Dagoeneko 200 bat lagunek erosi dituzte partizipazioak proiektua lagundu eta aurreneko ipuin hau erreserbatzeko. Bihartik aurrera eskuratu ahal izango dira ipuinak aurkezpenean edo Doberan, eta salgai ere jarriko dira.