Natzak antolatuta, hitzaldia emango du gaur Helena Franco Gipuzkoako Ogasun Diputatuak, 19:30etan, Biterin.
Hitzaldiak bi zati izango ditu. Batetik, Foru Aldundiak martxoan argitaratutako liburua aurkeztuko da: Aberastasuna zergapetzeko proposamen berriak Europan. Horren ondoren, Helena Francok berak liburu horretan idatzitako atalaren inguruko argibideak emango ditu, Aberastasunaren gaineko zergaren balio politikoa izenburupean.
Fiskalitateari buruzko eztabaidari ekarpena egin nahi dion liburua
Gipuzkoan ez ezik, mundu osoan ere pil-pilean dago aberastasunaren gaineko zergaren inguruko eztabaida. Hori horrela, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ogasun eta Finantza Departamentuak liburu bat argitaratu du, «fiskalitateari buruzko eztabaidan ekarpen lagungarria izateko».
Aberastasuna zergapetzeko proposamen berriak Europan liburuan hainbat ikuspegi biltzen dira, aberastasunaren zergapetzearen inguruan. Liburu horretan bildu dira, besteak beste, 2014ko udaran Euskal Herriko Unibertsitatean eman zen ikastaroan parte hartu zuten adituen ponentziak; tartean, Helena Francorena. Bertan azaltzen dira, baita ere, nola dagoen banatuta aberastasuna munduan, zein diren Europan indarrean dauden ereduak, eta zer diren Gipuzkoako Aberastasunaren eta Fortuna Haundien gaineko Zerga edota etxebizitza hutsei aplikatutako errekargua.
Zergak ordaintzearen balioa
Helena Francok gaiari ikuspegi jakin batetik helduko dio; hain zuzen, aberastasunaren gaineko zergak duen balio politikoaz ariko da.
Ordaintzen ditugun zergetako batzuk dira erosketetan ordaintzen duguna, errenta aitorpenekoa, enpresek ordaintzen dituzten sozietate zergak... Eta beste bat da ondarearen gaineko zerga, orain arte kenduta egon dena. Baina Gipuzkoan berrezarri egin da lege hau, eta edukia aldatu zaio. Izan ere, Foru Aldundiaren esanetan, «gehien zutenek lortzen zuten gutxiago ordaintzea, eta juxtu, zergaren egitekoa kontrakoa da».
Zerga berrezartzeak, ordea, polemika ekarri du, enpresak kaltetuko zituelakoan. Francok datuak emango ditu, hori horrela ez dela ziurtatzeko, eta azalduko du zergak Gipuzkoan nola funtzionatzen duen eta zein garrantzi duen.