Iritsi da 2014 urteko errenta aitorpena egiteko garaia. Astelehenan ireki zen epea aitorpena egiteko, eta ekainaren 25era arte egongo da zabalik.
Autolikidazio proposamenak eginak ditu, dagoeneko, Gipuzkoako Foru Aldundiak, eta webgunean ikusi daitezke: www.gipuzkoa.net/ogasuna/errenta. Era berean, urtero bezala, etxera ere bidaliko dituzte, eta egun hauetan jasoko dituzte herritarrek. Proposamen horrekin ados daudenek, dagoeneko aukera daukate proposamena onartzeko.
Aldiz, ados ez daudenek, edo proposamena jaso ez dutenek, errenta mekanizaturako hitzordua eskatu ahal izango dute, apirilaren 16tik ekainaren 5era. Hitzorduak eskatu edo autolikidazio proposamenak onartzeko bi aukera daude: wwww.gipuzkoa.net/ogasuna/errenta, edo 900 100 040 telefonoa.
Udalak herritarrak animatu nahi ditu errenta aitorpena euskeraz egitera.
Aitorpena euskeraz egin eta lehiaketa irabazteko aukera
Buruntzaldeako Udalek, Astigarragak barne, herritarrak animatu nahi dituzte errenta aitorpena euskeraz egitera.
Hori sustatzeko, gainera, lehiaketa bat jarri dute martxan interneten. Parte hartzeko Facebooken sartu eta Buruntzaldea Euskaraz orrialdean atsegin dut klikatu behar da. Behin hori eginda, erraza da parte hartzea: orrialde horretan bertan errenta aitorpenarekin zerikusia duten hainbat sigla eta kontzeptu jarri dituzte, eta sigla bakoitza dagokion kontzeptuarekin lotu beharko da, iruzkin bat idatzita.
Parte hartzeko epea irekita dago maiatzaren 14ra arte. Erantzun zuzenak ematen dituztenen artean zozketatu egingo da saria: bi lagunentzako otordua sagardotegi batean.
Informazio gehiago nahi izanez gero, Buruntzaldea Euskarazen webgunea begiratu: euskara.buruntzaldea.eus.