Gipzukoako Liga hasi berri du Astigarragan elkartzen den Kaizoku Yutax taldeak, eta ez dute nahi bezain ondo hasi. «4-8 galdu genuen aurreneko partida, gu baino maila bat beherago dagoen taldearen kontra», azaldu du Ivan Vadillo, taldeko kapitainak.
Hala ere, Liga hasi izana ondo etorriko zaie datorren erronkari aurre egiteko. Izan ere, aurreko denboraldian, Gipuzkoako Liga irabazi eta B1 mailatik A mailara igo ziren, eta horri esker, Txapelketa Autonomikoa jokatuko dute orain. Ostiralean joango dira bertara.
«Ea zortea daukagun!»
Ligako aurreneko partida galdu izanak ez ditu kikildu taldekideak. «Txapelketa Autonomikoan ibiltzen den jendea oso ona da, baina gu ere bai! Ea zortea daukagun!».
Taldekide guztiek ezin izango dute joan, lana dela eta, beraz, lau kide joango dira: Iker Palazon eta Iker Vadillo bikote bat osatuz, eta Mikel Selegante eta Arkaitz Salazar beste bikote bat osatuz. «Ostegunean bertan beste partida bat jokatu beharko dugu Ligan, beraz, beroketak eginda joango gara Autonomikora. Han, zerbeza pare bat hartuta, nahikoa!».
Txapelketa Autonomikoan bikoteka jokatuko dute, baina banaka jokatzeko ere aprobetxatuko dute taldeko lau kideek.
Bikoteka eta banaka
Autonomikoan bikoteka jokatzen da. Hiru partidatan onenak egiten du aurrera. Horrez gain, banaka jokatzeko aukera ere izaten da, eta Kaizoku Yutax taldeko kideek saiakera egingo dute. «Gure Ligako jendea ere izango da. Ea zeinen aurka aritzea tokatzen zaigun!». Txapelketa jokatuta, igandean bueltatuko dira etxera, ahal izanez gero, saria besapean!