Hamaika ikastaro, enpresa, merkatari eta herritarrentzat

Kronika - Erredakzioa 2015ko api. 14a, 02:00

Informazio eta Komunikazio Teknologien Astearen bueltan hamaika ikastaro antolatu dira. Atzo aurkeztu zituzten ikastaroak, Luis Intxauspe alkateak,  Nerea Yurrebaso, enplegu eta toki garapenerako agenteak eta Marian Gabi­lon­dok, Enpresa Digitalaren ar­du­­radunak. 
Ikastaroak Buruntzaldeako herritar guztiei zuzenduak dira, eta helburua da enpresa eta merkatariei teknologia hauen inguruko aholkuak eman eta horrela, beren lehiakortasuna haunditzen laguntzea. Era be­rean, herritarrei aukera eman nahi zaie teknologia berri hauek ezagutu eta eguneroko bizitzan erabili ahal izateko.
Guztira 11 ikastaro antolatu dira; 5 enpresei zuzenduak, beste 5 herritarrei zuzenduak, eta tailer bat, merkatariei begira. Denak doan dira, baina izena eman behar da: iktastea@hernani.eus edo 943 00 09 99.

Enpresentzako bost ikastaro
Goizez emango dira enpresei zuzendutako bost ikastaroak; 09:00etatik 13:00etara, Gabriel Zelaian: apirilaren 20an, Eco­mmer­ce enpresetan. Ez da ohiko saltoki tradizionalentzat bakarrik; apirilaren 21ean, Enpresaren web orriaren posizionamendua nola hobetu. Seo bilatzaileak; apirilaren 22an, Segurtasun informatikoa en­pre­san; apirilaren 23an, Nola hobetu produktibitate profesionala lainoko tresnen bidez eta apirilaren 24an, Zaintza teknologikoa eta merkatuaren joera.
Ikastaroak solteak dira, eta nahi adinatan eman daiteke izena.

Komertzioentzat, tailer bat
Merkatariei zuzendua, tailer bakarra antolatu da. Egunero emango da, 14:00etatik 16:00e­tara: Learn by doing. Nola erabili dezaket internet gure dendak sustatzeko tresna gisa?

Herritarrek, 5 ikastaro
Arratsaldeko 18:00etatik 20:00etarako tartean, berriz, herritarrei zuzendutako ikastaroak antolatu dira, eguneko bat: Doako 2.0 tresnak online merkatuan ikusgarri izateko; Nola aprobetxatu sarea kolektiboak eta elkarteak antolatzeko; Zure mugikorrari etekina atera; Lan bilaketa interneten; eta Streaming: internet bitartez edukiak elkarbanatu eta zabaltzeko aukerak. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!