Garaipenik ezean, punturen batekin itzultzea zen Hernaniren helburua, eta atzokoan, lanak ondo eginda egin zuten etxerako buelta. 46-31 galdu zuen Hernanik Santanderreko Independienteren kontra; eraso bonusa eskuratu zuten ordea, hau da, urrea balio dezakeen puntua: «itxaropenerako pausua izan da, puntuagatik eta bigarren zatian egindako jokoagatik».
Lehen zatia maldan gora hasi zuen Hernanik: atsedenaldirako 32 puntuko aldea zuen etxeko taldeak, eta eraso bonusa ere eskuratua zuen. Oso kontzentratuta zelairatu zen Independiente, eta atzelari azkarretaz eta aurrelarien nagusitasunaz baliatu zen, markagailuan zuloa haunditzeko.
Bost entsegu, bigarren zatian
Bigarren zatian aldatu egin zen partiduaren norabidea. Tosdeschinik, Independienteren kapitainak, txartel gorria jaso zuen, Hernaniko jokalari bat lurrean zela kolpatzeagatik. Hernanik etekina atera zion egoerari, eta jokalari bat gehiago izatea nabaritu egin zen San Roman bezalako zelai estuan. Gainera, Santanderreko beste jokalari bat kanporatu zuen arbitroak, falta errepikakorrak tarteko. Bost entsaio egin zituen Hernanik bigarren zatian, 31 puntu: Insausti, Otaegi, Genua (2) eta Oier Garmendia izan ziren egileak.
Salvadorren kontra atzeratutakoa, asteburuan
Uholdeen eraginez atzeratutako partidua jokatuko du Hernanik asteburuan, Salvadorren kontra. Zaila eta gogorra izatea aurreikusten da, gaztelarrek jokoan baitute playofferako laugarren postua. Hernanik badaki ordea, hortzak erakusten, eta zaleen laguntzarekin, duen guztia emango du, irabazteko.