Martxan da Dobera Euskara Elkartearen ipuin faktoria, eta bere aurreneko fruitua ezagutzera emango dute datorren ostegunean: Zozomikoteak ipuina aurkeztuko dute, faktoriako lehena. Urumea errekako artzainei ikasitako ipuina da, Italian ere ezagutzen dena, eta Hernaniko Biteri kultur etxean aurkeztuko dute, 19:00etan.
Ez da ohiko aurkezpena izango, gainera. Hasteko, ipuina bera kontatuko dutelako saioan, eta kontakizunaz gozatzeko aukera eskainiko dietelako hurbildu nahi duten guztiei.
Ipuinaren kontaketa, hitzez eta zeinu bidez
Beste berezitasuna, kontatzeko modua izango da: hitzez bakarrik ez, zeinu bidez ere kontatuko dute Zozomikoteak.
Ipuina erreserbatu daiteke oraindik, eta salgai ere jarriko da egunean bertan.
Aldi berean egingo dituzte biak: Jexux Eizagirrek egingo du ahozko kontaketa; zeinu bidez kontatuko duen interpretea, berriz, Miriam Amubieta izango da. Ikastaroak ematen ditu Amubietak, zeinu hizkuntzaz, eta bere ikasleak ere etorriko dira aurkezpenera.
Ipuina eskuragarri, aurkezpenetik aurrera
Ipuina erreserbatzeko aukera ere eman du Dobera Euskara Elkarteak. Dagoeneko 200 bat lagunek eskatu dute, eta nahi duena, garaiz dabil oraindik. Erreserbatzeko eta informazio gehiago jasotzeko, hiru bide jarri dituzte: Doberaren bulegotik pasa (Larramendi 11, behea), idatzi dobera@dobera.eus helbide elektronikora, edo deitu 943 33 27 99 telefonora.
Ipuina erreserbatuta dutenek, aurkezpen egunetik aurrera jaso ahal izango dute liburua, Doberaren bulegoan. Salgai ere jarriko da aurkezpenean bertan, eta ostiraletik aurrera, bulegoan.