Ez dira partidu gehiago jokatuko Zubipen, denboraldi honetan: «zelaia dagoen bezala, ez dago hemen jokatzerik», azaldu dio Kronikari Dani Plazak, CD Hernaniko mantenuko langileak. «Gogortuta dago zelaia, azken uholdeen aurretik ere, eta lesioak gero eta ohikoagoak dira, batez ere pubalgiak. Eta ez bakarrik helduetan; gaztetxoek ere arazoak dituzte, eta adin horietan horrelako lesioak izatea oso arriskutsua da».
Valentziako Institutu bat, zelaiaren egoera aztertzen
Zubiperen egoera zein den zehazteko, probak egin dituzte egun hauetan. Asteazken eta ostegunean izan zen bertan Valentziako Biomekanika Institutua: «FIFAk ontzat ematen ditu bere analisiak, eta Espainian bakarra da horrelako probak egiten dituena».
Hainbat proba egin dituzte: botea neurtu, planimetriak, urarekin zenbait azterketa... «Datu pila bat hartu dituzte», dio Plazak, «eta horiekin informe bat egingo dute, zehazteko ea jokatzeko moduan dagoen, edo zein berrikuntza behar dituen».
Baliteke zelaiaren belarra bakarrik ez, azpiko asfaltoa ere kaltetuta egotea.
Azken hitza, aseguruak
Horren arabera, aseguruak erabakiko du zer egin. Zelaia ez aldatzea erabakitzen bada, kautxoa eta hondarra bota beharko diote berriro. Aldatzea erabakiz gero, berriz, bi aukera daude: belarra aldatzea bakarrik, edo azpiko asfaltoa ere aldatu behar izatea.
Izan ere, belarra erreta dago, urteetako uholdeen ondorioz: «12 urte izango ditu zelaiak, eta 9-10 uholde pasa ditu. Gauzek berez bizitza bat baldin badaukate, belar honek, ibaiaren ondoan egonda, laburragoa dauka. Oso motza dago belarra, kapa fin-fina da, eta ez du ia ezer amortiguatzen, azpiko asfaltoarekin».
Baina, gainera, baliteke belarraren azpiko asfalto hori ere kaltetuta egotea. Leku askotan, gorabehera haundiak dauzka zelaiak, eta euria egiten duenean, ura geratu egiten da: «ez dakigu zergatik dauden bulto horiek: asfaltoa zartatuta dagoen, puztuta...».
«Lehenbailehen nahi dugu hemen jokatu, ezin gara hamaika tokitara mugitzen ibili»
Badira hiru hilabete, Hernaniko taldeek kanpoan jokatu eta entrenatu behar dutela: «Usurbilen, Zubietan... Uzten diguten tokian. Baina txikienei ezin zaie eskatu hara joateko, edo gurasoei haurrak eramateko, aste erdian. Lehenbailehen jokatu nahi dugu hemen, ezin gara hamaika tokitara mugitzen ibili».
Taldeak zelaia berritzeko eskatu du. «Baina, hala ere, urtero daukagu arazo bera, eta zelaia berritzea ez da soluzioa».