Hau egarriya! gaiari erantzunez, 200dik gora bertso jaso ditu Dobera Euskara elkarteak. Sagardoak, bertsoak eta euskerak bat egiten duten lehiaketa jarri du martxan aurten Doberak: Bota bertsoa!. Txotx denboraldiko aurreneko hilabeteetan, kaxa eta orriak banatu ditu Urumea bailarako sagardotegietan, eta gerturatu diren guztiek izan dute imaginazioa martxan jarri, eta bertsoa botatzeko aukera.
Hogeita zazpi sagardotegik hartu dute parte
Inguruko sagardotegi ia guztiak prest azaldu ziren lehiaketan parte hartzera, eta erantzuna bikaina izan da. 200dik gora bertso! Dobera Euskara elkartea oso pozik dago izan duen harrerarekin: «arrakasta izan du lehiaketak, eta oso pozik gaude erantzunarekin. Sagardogileak ere pozik azaldu dira, giro polita sortu omen da, eta azken finean, hori zen helburua».
Sagardotegien artean gainera, izan dira batzuk partehartze zabalagatik nabarmendu direnak. Gehin animatu direnak Itxasburuko bezeroak izan dira, 20 bertsorekin; eta atzetik dira, gertu-gertu, Iparragirre 18 bertsorekin, Lizeaga baita ere 18rekin, eta Gurutzeta 17 bertsorekin.
Partehartzaileei dagokienean, Euskal Herriko bazter ezberdinetatik etorritakoak izan dira: Lekeitio, Donostia, Goizueta, Hernani, Astigarraga, Zumaia, Gasteiz, Orio...
Sari asko, mota askotako bertsoei
Bertso onenak Iraulio Panttalone Bertso Eskolako kideek aukeratuko dituzte. Sari asko izango dira, eta beraz, mota askotariko bertsoek jasoko dituzte: bertso sakonena, umoretsuena, poetikoena, teknikoena, erritmikoena, xelebreena, morbosoena, kaligrafiarik txukunena, originalena...
Sariak sagardotegiek eta Bertsozale Elkarteak jarri dituzte: bi lagunentzako otorduak, Aimar Olaizolaren kamiseta, sagardo kaxak, Gipuzkoako txapelketarako sarrerak...
Argazkia eta saribanaketa
Lehiaketan parte hartu duten sagardotegi guztiekin argazkia aterako du Doberak. Asteartean jarri dute hitzordua, 11:00etan, Jauregiko Zabaloenea baserrian.
Beste hitzordu garrantzitsua datorren ostiralekoa izango da. Lehiaketako saribanaketa egingo dute, Biterin, 19:00etan. Berezia izango da, irabazleek bertsoak abestuko dituztelako!