Herritar guztientzako aukera, mendian lasterka gozatzeko

Kronika - Erredakzioa 2015ko api. 11a, 02:00

Distantzia ez da aitzakia izanen aurten, mendian lasterka gozatu nahi duenarentzat. Maiatzaren 16an eginen da Goizutrail mendi lasterketa, eta bi ibilbide prestatu dituzte antolatzaileek. Luzea izanen da bat, iazkoa baino luzeagoa, 25 kilometrokoa; eta motza bestea, 10 kilometrokoa.
Hala ere, Elkarrekin abiatuko dira denak, eta elkarrekin eginen dituzte aurreneko kilometroak. Goizeko 09:00etan jarri dute zita, herriko plazan, eta berehala hartuko dute Aitasemegi auzora doan senda estua. Mendiko bideak eramanen ditu Eneko Elorriko bizkarrera (680 metro), lasterketa hasi eta 4 kilometrotara.

Herrira bueltan, batzuek bukatu eta besteek gogorrenari ekin
Eneko Elorritik, pare bat kilometroko lautada izanen dute lasterkariek, herrira jaisten hasi arte. Espideko sorotik pasata iritsiko dira Goizuetara. Bertan bukatuko dute lasterketa, 10 kilometroko ibilbidea egiten dutenek; besteek, berriz, orduan hasiko dute zatirik gogorrena, lasterketaren bigarren zatia, hain justu.
Atseden hartzeko tarterik gabe, Mandoegira bidean jarriko dira, ibilbide luzea aukeratu dutenak. Bospasei kilometroko aldapa gogorra izango dute aurretik, eta 16 kilometrotan pilatutako nekearekin helduko dira tontorrera.
Azkeneko zatia baino ez zaie faltako orduan. Gailu­rretik jarraituko du ibilbideak, eta mendian behera abiatuko da gero, nahiz eta aldaparik ere izanen duten oraindik. Errekaleku atzean utzi, eta azkeneko 4 kilometroak, denak beheraka, ziztu bizian eginen dituzte, herriko plazaraino.

Izen ematea herrikrossa.com web orrian egin behar da.

Ibilbidea, bi aldeetako mendietan barrena
Ibilbide berriarekin, Goizue­ta­ko bi aldeetako mendiak igaroko ditu lasterketak. Aurreko urtean, herriaren mendebaldera egin zuten bakarrik, Man­do­egiko gainera iritsita; aurten, ordea, ekialdera ere joanen dira, eta Eneko Elorriko bizkarrera igoko dira.
Pista, senda eta larreetan barrena izanen da ibilbide guztia, paraje ederretatik, gainera. Ibilbide motzak 631 metroko desnibela pilatuko du; luzeak, berriz, 1.636 metro eginen ditu aldapa gora. Tartean, sei postu paratuko ditu antolakuntzak, indarrak berritzeko: ura, fruta, edari energetikoak...

Izen ematea, zabalik
Parte hartu nahi duenak, dagoeneko zabalik dauka izen ematea. www.herrikrossa.com web orrian apuntatu behar da, maiatzak 15era arte. Gehienez ere, 150 lasterkari apuntatu daitezke.
Ibilbide motza egiteko, 16 urte beteta eduki beharko dira, eta 15 euro dira izen ematea. Ibilbide luzean, berriz, 18 urtetik gorakoek bakarrik hartu dezakete parte, eta 20 euroko prezioa dauka.
Eskaintza bereziak ere badira. Batetik, goizuetarrek 5 euroko deskontua izanen dute izena emateko orduan. Eta kanpotik datozenentzat, eskain­­tza berezia egin du Zubimuxu aterpe­txeak: lasterketako prezioari beste 30 euro gehituta, bertan afaldu, lo egin eta gosaldu dezakete lasterkariek.

Sariak eta zozketak
Ibilbide luzean azkarrenak diren lasterkariek jasoko dute saria, baina besteak ere ez dira esku hutsik joanen: opariz betetako poltsa bana jasoko dute, eta hamaiketakoa ere prestatuko die antolakuntzak. Gainera, zenbait sari zozketatuko dira bukaeran, parte hartzaile guztien artean.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!