Huts egiteko aukera gutxi, eta amore ematekorik batere ez dauka Hernanik, falta diren lau partiduetan. Bai Landaren eta bai kanpoan, ezinbestekoa du puntuak pilatzen jarraitzea, eta helburu horrekin joango dira Santanderrera: Independienteren kontra jokatuko dute bihar, eguerdiko 12:00etan, San Román zelaian.
Zaleak joateko, autobusa
Ez dira bakarrik joango, ordea. Autobusa jarri dute Santanderrera, Atsegindegitik abiatuta, goizeko 09:15etan. Txartelak Zintzarrin daude salgai, 15 euroan. Partiduko sarrera ez da sartzen prezioan. Partidua bukatutakoan bueltatuko dira. Zaleen babesa ezinbestekoa izango dela nabarmendu du taldeak.
Zaleei dei egin die taldeak, Landareko berotasuna Santanderrera eramateko.
Aurkari zaila, Independiente
Erronka zaila dauka Hernanik, mailari eusteko borrokan. Eta biharko aurkaria ez da errazagoa izango. Sailkapenean eroso dago Independiente, bosgarren, eta goiko postuei begira. Landaren jokatutako partiduan, garaipena lortu zuten kantabriarrek, aurreneko itzulian (27-38). Baina ez zuten lan erraza izan, orduan hasia baitzen Hernani, bere maila onenera gerturatzen, eta hurrengo astean lortuko zuen estreinako garaipena, Ordiziaren kontra.
Eta orduan erakusten hasi zen maila ona, orain dauka Hernanik, bete-betean. Behetik gora dator, eta edozein aurkariri irabazteko gai da. Azken lau partiduetatik hiru irabazita, laugarrena ere bilatuko dute, salbazioa gertuago izateko.