Gipuzkoako Foru Aldundiak partehartze prozesu bat jarri du martxan Gipuzkoa osoan, datozen lau urteetan inbertsioetan 20 milioi nola gastatu erabakitzeko. Gipuzkoako 10 eskualdetan galdetuko dute, eta bakoitzean 2 milioi inbertituko dira.
Bi milioi horiek zertan inbertitu proposatzeko aukera izango dute herritarrek hilaren 30era arte. Astigarragan astelehenean egingo da bilera edo tailerra, arratsaldeko 19:00etan hasita, udaletxeko pleno aretoan.
Proposamenak egiteko 3 bide
Partehartze prozesu hau urrira arte luzatuko da. Aurreneko fase honetan proposamenak egin ahal izango dira apirilaren 30era arte, eta hiru bide izango dira horretarako.
Gipuzkoako eskualde bakoitzean 2 milioi zertan inbertitu erabaki ahal izango dute herritarrek; guztira, 20 milioi euro.
Batetik, interneten, www.aurrekontuahobetzen.eus helbidean. Bestetik, Gipuzkoa Berria aldizkariarekin edo udaletxeetan banatzen ari diren eskuorriak beteta, udalerria zehaztuta eta buzoian utzita. Azkenik, herrietan egingo diren tailerretan parte hartuta. Tailer hori teknikarien laguntzarekin egingo da, eta bi ordu inguru iraungo ditu. Ekarpenak egiteko bi irizpide hartu beharko dituzte kontuan herritarrek: proposamenak eskualdearentzako onuragarriak izatea, eta aldundiaren eskumenekoa izatea.
Irailean, aukeraketa
Proposamenak jasota, ekainean herritarrek proposamen horien artean aukeratu ahal izango dute. Gero, bideragarriak diren aztertuko da, eta irailean behin betiko proposamenen artean aukeratuko dute. Azkenik, urrian, proposamenak 2016ko aurrekontuan sartuko dira.