«Sorpresa atsegina litzateke saria jasotzea, ez dudalako batere pentsatu horretan»

Kronika - Erredakzioa 2015ko api. 11a, 02:00

Egun hauetan jakingo du Mikel Peruarena Ansa idazle ereñotzuarrak, bere aurreneko literatur saria irabaziko duen, Su zelaiak liburuari esker. 111 Akademia Sariko finalista da Peruarena, Iban Zalduarekin batera: «Akademiaren saria oso interesgarria egiten zait, eta oso pozgarria da finalisten artean egotea, ia berrehun lagunek erabakitzen dutelako saria zeini eman. Saria emango balidate, sorpresa atsegina litzateke, ez dudalako batere pentsatu horretan», azaldu du ereño­tzuarrak.
«Horrek esan nahi du, jende kopuru zabal samar batek babestu duela liburua. Eta hori, nik bezala zalantza askorekin idazten dugunontzat, beti da poztekoa».

«Testu on bat egin nahi nuen, irakurlea paparretik hartu»
Finalista izaterik ez zuen espero Peruarenak: «izan ere, gero eta zailagoa da liburuak leitzeko denbora hartzea, eta Su zelaiak honek baditu exijentzia batzuk, denbora eskatzen du, arreta... Eta beraz, idazten ari nintzela, ez nuen batere pentsatu sarietan eta horrelakoetan. Testu on bat egin nahi nuen, irakurlea paparretik hartu, eta ez askatu azkeneko puntua arte».

«Beti da poztekoa, nik bezala zalantza askorekin idazten dugunontzat».

Liburua bukatzean, beldur pixka bat ere bazuela onartu du: «hizkuntza aukera eta estiloak egokiak ote ziren, gaia ezaguna ez izatea... Esan nezake, alde horretatik, lasaiago nagoela orain. Segur aski hobeto egin zitezkeen gauza batzuk, baina uste dut asmatu dudala beste batzuetan». 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!