Herritik eta herriarentzat sortutako hezkuntza helburu

Kronika - Erredakzioa 2015ko api. 11a, 02:00

Irailean hasi zen ikastur­tea­rekin batera sartu zen inda­rrean LOMCE hezkuntza erre­for­ma. Hernaniko Hezkuntza Plataformako kide diren Bego Bitorikak, Larraitz Mendiablek eta Maialen Ansak esan dute, aurten aplikatuko diren aldaketa nagusienak direla, batetik, Lehen Hezkuntzako 3garren mailako ikasleek aurre egin beharko dioten froga; eta bestetik, Ingurunea irakasgaia bitan banatzen dela: Natur Zientziak eta Gizarte Zientziak.
Eusko Jaurlaritzako Hez­kuntza Sailak, LOMCEri aurre egiteko asmoz, Heziberri 2020 izeneko hezkuntza dekretua aurkeztu du orain dela gutxi. Honek, ordea, Kristau Esko­laren babesa bakarrik jaso du eta hezkuntza arloko zenbait eragile ezberdinen desadosta­suna. «Oso gauza gutxi zehaz­ten dira bertan, adibidez, ez dute euskal kultura definitzen eta dena oso irekia uzten dute», dio Bitorikak. «Hizkun­tzaren tra­taerari dagokionez ere, ez dago aldaketarik. Ez da zehazten zein den lortu beharreko hizkuntza maila. Euskalduntzen ez duen sistema bat daukagu, eta arlo horretan Heziberrik ez dakar inongo hobekuntzarik». Hala ere, aurten ez du eraginik izango Heziberrik, datorren ikasturtean jarriko baita martxan.

Eskolaz haratago
Azaroan sortu zuten Herna­niko Hezkuntza Plataforma, baina aurretik LOMCE Sutara plataforma antolatu zuten. «Hezkuntza herriko ikuspe­gitik lantzeko sentsibilitatea dugun pertsonak gara», halaxe diote plataformako kideek. Herritik eta herriarentzat eraikitako hezkuntza sistema baten alde daudela azpima­rratu dute: «Denon artean osatutako hezkuntza eredu bat nahi dugu, euskal curricu­lume­an oinarritutakoa; herri­tik eta herriarentzat sortuta­koa eta ez kanpotik hona datorren bat». Ikasle euskal­dun eleaniztunak egiten dituen sistema  bultzatzen dute, doakoa, laikoa, anitza, parte hartzailea, askatzailea, inklusiboa, demokratikoa, integratzailea eta hezkidetzan oinarritutakoa hain zuzen.

«Hezkuntza herriko ikuspegitik lantzeko sentsibilitatea dugun pertsonak gara»

Gaur egungo hezkuntza egoeraren aurrean diote, he­rriaren parte hartzea txikia dela: «Hezkuntza eskole­tara bakarrik mugatzeko joera dugu. Eskoletan gai asko ikasiko dituzte, baina hortik kanpo ere balore asko jasotzen ditugu», adierazi dute. «Etor­kizuneko gizartea hezten ari gara eta horregatik, gure ustez, herriak zerikusi handia dauka hezkuntzan», gaineratu dute.

«Lehenengo urtea izan da horrelako zerbait egin duguna, eta oso pozik gaude eskola hauek hartu duten jarrerarekin»

Bi ildo nagusi
Plataformako kideek azaldu dute bi ildo nagusitan lan egiten dutela: «Alde batetik, hilero antolatzen ditugun hezkuntza eskolak ditugu. Hilabeteko bigarren ostegu­nean izaten dira eta hezkun­tzarekin zerikusia duten gaiak lantzen ditugu herriko ikus­pegi batetik», dio Ansak. Beste­ak beste, Orioko curriculuma­ren esperientzia, ikasle euskal­dun eleaniztunen proiektua eta eskola kirolaren ingurukoa antolatu dituzte orain arte. «Orioko esperientzia konta­tzera etorri zirenean,  jendeak gaia interes handiarekin jaso zuela iruditu zitzaigun. Egia esan, curriculum propioaren ideia erakargarria eta eginga­rria da, herritik sortutakoa», esan du Mendiablek. Beraiek oraindik ez dute planteatu halako zerbait egitea, «denbo­rak esango du».
Aste Santua dela eta, apirilean ez dela hezkuntza eskolako saiorik izango esan dute, baina hurrengoa prestatzeko lanetan ari dira: «Lehenengo urtea izan da horrelako zerbait egin duguna, eta oso pozik gaude eskola hauek hartu duten jarre­rarekin», diote hirurek.

Hezkuntza Plataformen Topaguneak gida moduko bat atera berri du indarrean dauden zenbait egoerei erantzuna emateko proposamenekin.

Beste alde batetik, LOMCEren gaia da bigarren ildoa: «LOMCEri aurre egin nahi bazaio, kolektiboki anto­latu beharra dago. Hezkuntza ez da soilik eskolan landu beharreko kontua, baizik eta denon parte hartzea behar du: herriko eragileak, udala, aisialdi taldeak…». Horregatik, plata­formako kideek jendea anima­tu nahi dute egindako deial­die­tan parte hartzera: «Blog bat ere badugu herna­nihez­kuntza.wordpress.com, eta gurekin harremanetan jarri nahi izanez gero hezkuntzahernani@gmail.com helbidea erabiliz egin daiteke».

Aurre egiteko neurriak
Hezkuntza Sailak adierazi duenez, 30 ikastetxetan baka­rrik egingo da aurten 3garren mailako diagnosi froga hori, pilotu moduan. Ikastetxe horiek sare guztietan bana­tuko dira, hau da, bai publikoetan, kontzertatuetan eta baita kristau eskoletan ere: «Aurten pilotu moduan egingo da, baina datozen urteetan zer?», galdetzen dute platafor­mako kideek. Ikasturte hone­tan, froga horren emaitzek ez dute eraginik izango espedien­te akademikoan.
Honen aurrean, Hezkuntza Plataformen Topaguneak gida moduko bat atera berri du indarrean dauden zenbait egoerei erantzunak emateko proposamenekin. Guztira hamar dira aipatzen diren neurriak eta txosten hori beraien webgunean dago ikusgai. Besteak beste, Lehen Hezkuntzako 3garren maila­koen froga horren aurrean bideratu daitezkeen erantzun kolektiboak daude: «Adibidez, azterketa egunean ikastetxeak irteera bat edo jai bat antolatzea, edo gurasoek haurra eskolara ez eramatea. Proposamen hauek ikaste­txeek edota gurasoek nahi edo ahal duten neurrian aplika­tzeko dira», aipatu du Ansak. «Bertan ere aipatzen dira zer nolako ondorioak egon daitezkeen neurri hauek hartuta», gaineratu du.

 

Hezkuntza eredu propio baten alde

Herriko ikastetxeekin eta udalarekin batera, herriko eragile desberdinei dei egiten diete antolatzen ari diren festan parte hartzera.

Euskal curriculumaren aldeko festa bat antolatzen ari dira apirilaren 25erako plataformako kideak: «Gure hezkuntza ereduaren aldeko jaia izango da eta herriko ikastetxeek eta udalak ere parte hartuko dute», azaldu dute. Herriko eragile desberdinei ere luzatu nahi diote bertan parte hartzeko gonbidapena.
Azken bi urteetako mobilizazioak eta gero, giroa apaldu egin dela iruditzen zaie: «Hezkuntza Sailak lasaitasu­nerako mezuak zabaldu ditu eta gu konturatu gabe ari da legea aplikatzen. Kontzientzia hartu eta giro hori piztu behar da, eta behar diren erantzunak eman». Bitorikak dio hezkuntzan ez direla egun batetik bestera antzematen aldaketak, eta urteak behar direla ondorioak ikusteko: «Epe luzera ikusten dira, urteak pasa ondoren. Gainera, gero egoera horri buelta eman ahal izateko ere beste hainbeste urte behar dira».

Hiru gune, festan
Oraindik ere prestaketa lanetan dauden arren zerbait aurreratu dute: «Hiru gune egongo dira: bata, gure curriculumaren aldeko gunea; bestea, hizkuntzaren gunea; eta azkenik, baloreen gunea. Azken honetan aniztasuna, hezkidetza eta elkartasuna landuko dira herriko eragile desberdinen laguntzarekin», azaldu du Mendiablek.
«Festa honekin irudikatu nahi duguna da nolako eskola izango litzatekeen LOMCE aplikatuta: bakoitza bere mahaian eserita…  Azken batean, lege honek urte pila bat garamatza atzera», dio Bitorikak.
Azkenik, gaineratu dute jendea animatzeko festan parte hartzera: «denon artean, herritik eta herria­rentzako, osatutako hezkuntza eredu baten alde, gure sistema propioaren alde».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!