Ilusioz gainezka, hamabi urte eta gero, joan den urtean berreskuratu zituzten Florida-Etxeberriko Mendekosteko jaiak. Auzoa elkartzea da festen helburua, eta bide horrek etenik izan ez dezan, aurten ere izango da zer ospatu. Maiatzaren 22tik 24ra izango dira.
Nobedade gisa, kartel lehiaketa antolatu dute aurten. Parte hartu nahi dutenek igandera arte dute epea zabalik. Nahi duena aurkeztu daiteke. Baldintza da, obra berea izatea, hau da, ez beste kartel, argazki edo irudi baten kopia. Kartelak Mendekosteko Jaiak 2015/ Maiatzak 22, 23 eta 24 izenburua izan behar du. Neurriak berriz: 480x680 mm edo 230x340 mm.
Saria, 100 euro
Lanak Etxeberri auzoko Barrunta tabernan entregatu behar dira. Kartazal itxi batean eraman behar dira, eta barruan izen-abizenak eta telefonoa jarri behar dira. Kartel onena egiten duenak, 100 euroko saria jasoko du.