Astelehenean hasiko da errenta eta aberastasuna aitortzeko kanpaina. 2014ko aitorpena egin beharko dute aurten herritarrek, eta epea ekainaren 25a arte izango da zabalik.
Kanpaina hasi aurretik ordea, gaur bertan, autolikidazio proposamenak begiratzeko aukera egongo da. Diputazioak 200.000tik gora egin ditu aurten ere, eta nahi duenak www2.gipuzkoa.net orrian ikusi dezake prestatu dioten edo ez. Web orrira sartu eta Errenta 2014 atalean egin behar da klik; irekitzen den orri berrian, 2014ko errenta eta aberastasuna aitortzeko kanpaina esaldia sakatu behar da eta bertan, behealdean, azaltzen dira aukera ezberdinak. Hala ere, urtero bezala, proposamena prestatu dieten guztiek etxean jasoko dute, datozen egunetan.
Autolikidazio proposamenekin ados daudenek astelehenetik aurrera izango dute onartzeko aukera. Konforme ez daudenek aldiz, apirilaren 21etik aurrera eskatu dezakete zita, mekanizatua egiteko.
Beste modalitateak
Mekanizatua eta internet bidez egiten direnak dira, aitorpena egiteko beste bi modalitateak. Bi kasuetan, apirilaren 17tik aurrera izango da aukera. Hitzorduak berriz, egun bat lehenago eskatu ahal izango dira.
Hitzorduak eskatu edo autolikidazio proposamenak onartzeko bi aukera daude: www2.gipuzkoa.net edo 900 100 040 telefonoa.
Doberako bazkideek, dedukzioa
Dobera lehentasunezko jardueren artean izendatu du Diputazioak. Hori horrela, Doberako bazkideek dedukzioa izan dezakete. Horretarako, beharrezkoa da Doberari izen-abizenak eta NAN jakinaraztea. Bi aukera daude: dobera@dobera.eus edo 943 33 27 99.
Euskaraz egiteko deia
Udalak aitorpena euskeraz egitera animatu nahi ditu herritarrak. Joan den urtean hernaniarren %17ak egin zuen.